Iurre BIDEGAIN

Diputatuen batzordeak Mauleko hiltegia apirilaren 28an ikertuko du

Estatu frantseseko hiltegiak kontrolatzeko eratu duten diputatuen batzordea heldu den astean lanean hasiko da. Apirilaren 28an, Mauleko hiltegiko arduradunen azalpenak entzunen dituzte. Sylviane Alaux diputatu sozialistak taldean parte hartuko du eta hiltegiei lotutako sail guziak ikertzea eskatuko du.

Diputatuen batzordea hogeita hamar kidez osatua izanen da. ©Isabelle Miquelestorena
Diputatuen batzordea hogeita hamar kidez osatua izanen da. ©Isabelle Miquelestorena

Mauleko hiltegian animaleen kontrako tratu txarrak salatu ondoren, Estatu frantseseko Asanblada Nazionalak diputatuen batzorde bat sortu zuen hiltegiak kontrolatzeko. Pirinio Atlantikoetako diputatu sozialista den Sylviane Alaux taldean parte hartuko du beste 29 kideekin batera; horietarik bi albaitariak dira. Batzordeak heldu den astetik aitzina ikerketak abiatuko dituela azaldu du diputatuak; Mauleko hiltegiaren kasua apirilaren 28an aztertuko dutelarik.

Alauxk Mauleko hiltegia ikerketa prozesuan lehena izatea galdegin zuen. "Hala izango da, arazoak izan dituzten hiru hiltegiak lehenak izango dira", azaldu du. Hain zuzen, Xiberoan gertatu bezala, L214 elkarteak Vigan eta Alès herrietako hiltegietako irudiak ere grabatu zituen. Orain bertako arduradunak "ofizialki" batzordearen aitzinean aurkeztuko dira, eta azalpenak zin egin ondoan eman beharko dituzte.

Diputatu sozialistak hiltegi guzietan arauak daudela ohartarazi du; "baina agerian dago hutsuneak daudela". Arazoari aurre egiteko batzordearen xedea metodoak berrikustea da, eta hutsuneak dauden sailetan arau berriak sortu beharko dituzte.

"Haatik, hainbat alde kontutan hartu behar dira. Hots, lan baldintzak, presio ekonomikoaren pean langileei inposatzen zaien lan-erritmoa...", erantsi du Alauxk. Halaber, langileen hautatzea eta formakuntza ere ikertuko dutela nabarmendu du. "Lan horrentzat moralki oso azkarra izan behar da. Langileak ongi formatuak izatea ezinbestekoa da", erantsi du.

Urrunago joateko helburua

Sylviane Alaux hiltegiekin lotura zuzena duten sailak ikertuak izan daitezen eskatuko du. "Batzorde honen helburua animalien kontrako tratu txarrak ikertzea da, baina urrunago joatea galdeginen dut", gehitu du. "Garraioetan animaliek pairatu dezaketena" zalantzan eman du diputatuak. "Gidatzen dut, bidean ibiltzen naiz eta begiak ditut. Animalien kontrako tratu txarrak kezkatzen nau", aitortu du.

Mauleko hiltegiko kasua jakin bezain laster, Stéphane Le Foll Laborantza ministroak departamenduetako prefetei hiltegiak hestea eskatu zien. Ildo horretatik, "Ministeritza mailan ere lan egiten hasi direla" azpimarratu du sozialistak. Bere iritziz, "bi ekintzak ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik".

Bukatzeko, Sylviane Alauxk Mahatma Gandhiren esaera batekin bukatu nahi izan du: "Populu baten zibilizazio maila neurtzen dugu animaliak tratatzen ditugun moldearen arabera".