Iurre BIDEGAIN

Mauleko hiltegia hetsia salatu dituzten animalien kontrako tratu txarrengatik

L214 elkarteak kamera ezkutu baten bidez, Mauleko hiltegiko metodoak grabatu ditu. Behikundeak, aratxeak eta arkumeak hiltzeko egin molde "krudelen" eraginez elkarteak salaketa bat jarri du Paueko Auzitegi Gorenean. Mauleko auzapezak inkesta burutu arte eguerdi honetatik harat hiltegia hestea erabaki du.

L214 elkarteak irudiak martxoan grabatu ditu. ©L214 elkartea
L214 elkarteak irudiak martxoan grabatu ditu. ©L214 elkartea

L214 elkarteak Mauleko hiltegian burutzen diren praktika "krudelak" salatu ditu Le Monde egunkariak argitaratu duen bideo baten bidez. Hilabete honetan hiltegiko sala ezberdinetan kamara ezkutuak jarri dituzte eta bertan bildu dituzten irudiak ikuskatu ondoan animalien kontrako "tratu txarrak" salatu ditu. Mauleko auzapeza den Michel Etxebestek albistea jakin bezain laster Laborantza Ministeritza abisatu du eta prebentzio neurri gisa hiltegia hestea erabaki du.

Komunikabidean agertu bideoan Mauleko hiltegian erabili metodoak agerian utzi dituzte: bizirik dauden animaliak zintzilikatzen eta mozten dituzte, abereak elektrika deskargen bidez hiltzen dituztelarik askotan huts egiten dute. Horren eraginez, L214 elkarteak salaketa bat jartzeaz gain, sinadura bilketa bat martxan ezarri du.

"Ez nekien deus. Auzapez gisa, inkesta egin arte hiltegia hestea erabaki dut", azaldu du Etxebestek. Halaber, hiltegiko zuzendariak bi langileak kanporatzea erabaki du. Auzapezak nabarmendu duenez "kalte ekonomikoak handiak izanen dira"; "bezero guziak deitu ditugu", erantsi du.

Mauleko hiltegiko zuzendaritzaren arabera, 3.000 tona haragi lantzen dituzte urtero. Horietako %40a Xiberoan hazitako kabalak dira.

Albistea jakin bezain laster Etxebestek Laborantza Ministeritzara deitu du eta Gobernuak inkesta martxan jarriko duela iragarri du. "Hiltegiko zuzendariak hor denean dena zuzen egiten dutela erran du. Ez zekien deus orain arte; gizon zintzoa da", erantsi du.

Eztabaida publikoaren nahia

Ez da L214 elkarteak horrelako ekintza bat egiten duen lehen aldia, Vigan eta Alès herrietako hiltegietako metodoak ere grabatu baizituzten. Elkarteko kidea den Brigitte Gothièren iritziz hiltegia hesteko erabakia ez da "aski". Beste kasuetan zentroak ere hetsi zituztela nabarmendu du, "baina ondotik berriz ireki zituzten".

Elkarteak "arazoa orokorra" dela azpimarratu du eta bide batez albaitari zerbitzuen ardurari dei egin dio. Bideoaren bukaeran agertzen den bezala, taldeak "animalien jatorria duten produktuak ez kontsumitzeko" deia luzatu du. Burutzen dituzten ekintzekin "eztabaida publikoa" sortu nahi dutela aipatu du Gothièrek.