Iurre BIDEGAIN

Oier Gomezen kontrako hiru euroaginduak eten dituzte

Estatu espainiarrak eta Portugalek Oier Gomez epaitzeko egindako hiru euroaginduak eten ditu justizia frantsesak apirilaren 26ean. Libre utzi ondoren, datozen egunetan Baionara ekartzeko prozedura abiatuko dutela azaldu du bere abokatuak. 

Oier Gomezen aldeko elkarretaratze bat Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Oier Gomezen aldeko elkarretaratze bat Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Astelehenean Parisko Zigorren Aplikazio Auzitegiak Oier Gomezen zigorra etetearen alde agertu ondoren, bere kontrako hiru euroaginduak eten dituzte epaileek. Bere abokatua den Clara Rougetek azaldu duenez, hiru euroaginduen prozeduretan askatasuna iragarri dute. "Ondoko orduetan libre izanen da. Eramanen dute Pariseko ospitaleko zerbitzu normalera. Ondoko egunetan Baionara etortzeko tramiteak eginen ditugu".

Baionan antolatu duen mobilizazio egunean albistearen berri eman du bere abokatua eta Bagoazek. Ordu bataz geroztik, elkarretaratze iraunkorra burutu du kolektiboak. Besteak beste, Sylviane Alaux diputatu sozialista, Txetx Etxeberri Bakearen artisaua eta Iker Elizalde Hendaiako hautetsi abertzalea presente ziren.

Emilie Martinek erabakia "gazi-gozoa" dela nabarmendu eta, "besarkadarik beroena" bidali dio larriki gaixorik dagoen presoari. "Oierrek aspalditik aske egon behar zuen, 2013an lehen minbizia pairatu zuenez geroztik", erantsi du. Larriki gaixorik dauden euskal presoak askatzea eta pairatzen dituzten salbuespenezko neurriak bertan behera uztea eskatu du.

"Azkenean, bizi dugun egoera berria kontutan hartu dute. Espero dugu euskal presoen askatze prozesuan pausuak eginen dituztela", azpimarratu du Bagoazeko kideak. Halaber, Martinek Legebiltzarreko hauteskundeetako hautagaiak interpelatu ditu. Publikoki, euskal presoen txostenak beren gain hartzea eta "Parisera eramatea" aldarrikatu die.

Elkartasuna nagusi

Badira lau urte minbizia diagnostikatu ziotela gasteiztarrari, baina garaian jasotako kimioterapiari esker gainditu zuen. Baina, otsailaren 10an urgentziaz ospitalizatu behar izan zuten Pitie Salpetriereko ospitalean. Geroztik bertan dago. Bere aita den Carlos Gomezen erranetan, kimioterapia eta erradioterapia jasotzen ditu aldi berean. Bere eritasunaren larritasuna dela eta, sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote medikuek.

Hilabete hauetan anitzak izan dira Oier Gomezen aldeko elkartasun keinuak Euskal Herrian, baita munduan gaindi ere. Hain zuzen, apirilaren 26ean mobilizazio eguna antolatu du Bagoazek Baionan. Gisa berean, Sarek ere hainbat eragile politikoekin batera, egun osoko egitaraua prestatu du Gasteizen.