Kazeta

Sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote Oier Gomezi

Oier Gomez euskal presoaren pronostikoa "engaiatua" dela azaldu du bere abokatuak. Sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote gasteiztarrari. Egindako kondena suspentsioaren eskaera aztertuko dute apirilaren 19an.

Bagoaz eta Sarek Oier Gomezen egoerari buruzko xehetasunak eskaini dituzte Baionan. ©Bagoaz
Bagoaz eta Sarek Oier Gomezen egoerari buruzko xehetasunak eskaini dituzte Baionan. ©Bagoaz

Ewing sarkoma duen euskal presoaren egoera "biziki larria" dela azaldu dute Bagoaz, Etxerat eta Sare kolektiboek apirilaren 12an. Gasteiztarraren senide eta abokatuarekin eskaini agerraldian, presoaren pronostikoa engaiatua dela nabarmendu dute. Hain zuzen, sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote medikuek.

Otsailaren 10ean urgentziaz Pitie Salpetriereko ospitalera eraman zuten Oier Gomez. Clara Rouget abokatuak otsailaren 2an kondena bertan behera uzteko eskaera egin ondoren, martxoaren 11n aditu bat Oierrekin elkartu zen bere egoera ikertzeko.

Kolektiboek aipatu dutenez, galdea ikertzeko auzia apirilaren 19an iraganen da. Saioa espetxean bertan egingo da, eta hara joango dira, abokatuaz gain, hiru epaile eta prokuradorea. Erabakia zigorra etetearen aldekoa balitz, Gomez ez litzateke berehala espetxetik aterako, haren aurka hiru euroagindu baitaude. Hortaz, zigorra etenda ere, tramite gehiago burutu beharko lirateke, baina, abokatuaren arabera, azkar egin litezkeenak.

Gainera, balizko etete horren aurrean Fiskalak helegitea aurkeztuko balu, bidea irailera arte luzatu litekeela adierazi du abokatuak. Testuinguru honetan, Sarek eta Bagoazek galdera zuzena planteatu diote Gobernu frantsesari, "Oier Gomezen heriotza asumitzeko prest" ote legokeen itaunduz.

Auziaren karietara, hainbat mobilizazio antolatu dituzte. Alde batetik, bezperan, hots, apirilaren 18an Bilbon dagoen kontsulatu frantsesean bilduko dira. Audientziaren egun berean, 18.30etan, Baionako suprefeturan elkarretaratze bat burutuko dute.

Halaber, maiatzaren 6rako larriki gaixorik dagoen presoaren askatasuna aldarrikatuko duen manifestazioa antolatu dute Gasteizen. Maiatzaren 22rako ere Elkartasun Eguna prestatu dute Arabako hiriburuan.

Hamahiru euskal preso egoera larrian

Bagoaz kolektiboak orotara hamahiru euskal preso egora larrian daudela oroitarazi du. Apirilaren 8an iragan den desarmearen egunak "bake prozesua indartu eta gero", euskal preso eta iheslarien gaia aitzinatu eta konpontzea "erronka handia" dela azpimarratu du. "Salbuespen neurriak bukatu behar dira", erantsi du.