Kazeta

Mobilizazioak garaile Lorentxa Guimonen egoera salatzeko

Otsailaren 25ean epaileek Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasunaren erantzuna jakinaraziko dute. Bitartean Bagoaz kolektiboak manifestazio, elkarretaratze eta hitzaldi bat antolatuko du. Helburua? Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarraren askatasuna fermuki eskatzea.

Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik Baionako suprefeturan antolatutako elgarretaratzean parte hartu zuten. ©Bob EDME
Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik Baionako suprefeturan antolatutako elgarretaratzean parte hartu zuten. ©Bob EDME

Epaileek baldintzapeko askatasuna onartu ondoren eta prokuradoreak segidan helegitea aurkeztu eta, otsailaren 25ean deliberoa jakinaraziko diote Lorentxa Guimoni. Bitartean, Bagoaz kolektiboak mobilizatua segitzea erabaki du. Otsailaren 20ean Bretainiako kolektiboarekin batera Guimonen aldeko aldarriak ozen entzunaraziko dituzte Renneseko karriketan.

Ipar Euskal Herriko eta Bretainiako hautetsi zenbaitek ekimenean parte hartzeko deialdia luzatu dute. Otsailaren 17an angeluarra kartzelan bisitatu ondoren, Sylviane Alaux eta Paul Molac parlamentariek mobilizazioak Lorentxa Guimonen askatasuna ahalbidetuko duela espero dutela azaldu zuten.

Presoen eskubideen aldeko kolektiboak heldu den astean baldintzapeko askatasunari buruzko erabakia jakin baino lehen ekimenak antolatzea erabaki du. Otsailaren 22rako, astelehenarekin, elkarretaratze bat prestatu du Angeluko herriko etxearen aitzinean.

Halaber, asteazkenean 20.00etan Angeluko Denen Etxean "Bake prozesua eta preso eta iheslarien itzultzea" lemapean Bake Bidea eta Bagoazeko kideekin hitza hartuko dute. Baldintzapeko askatasunaren erantzuna jakinen den egunean, otsailaren 25ean, elkarretaratze bat prestatuko dute 18.30etan Angeluko herriko etxearen aitzinean.