Kattin Chilibolost

Bretainiako hautetsi eta eragileek Guimonen askatzea eskatzen diote Urvoasi

Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroari Lorentxa Guimonen askatzea eskatzen duen gutun bat helarazteko xedearekin, Quimper hirian ministroak duen egoitzara joan dira Bretainiako eragile zonbait.

Breizhistance, Skoazell Vreizh, SLB eta NPAko ordezkariak Urvoasen egoitzaren aitzinean, Quimper hirian. © G.R
Breizhistance, Skoazell Vreizh, SLB eta NPAko ordezkariak Urvoasen egoitzaren aitzinean, Quimper hirian. © G.R

Otsailaren 16an, Bretainiako hainbat eragilek (1) Lorentxa Guimonen askatzea galdegiteko gutun bat utzi dute Jean-Jacques Urvoasen laguntzaileen eskuetan, Justizia ministro berriari helarazteko helburuarekin. Ministroaren laguntzaileek gutunari erantzun bat emanen ziotela hitz eman diete.

Ondotik, ekimenaren sustatzaileek prentsaurreko bat eskaini dute. Bertan, Lorentxa Guimon euskal presoaren askatzearen alde agertu diren sustengatzaile berriak iragarri dituzte. Hain zuzen ere, Finistère, Morbihan eta Ille-et-Vilaine departamenduetako sei diputatuk (2) larriki eri den presoaren askatzea eskatu berri dute, hauetariko lau PS frantses alderdi sozialistako kargudunak dira.

Bestalde, otsailaren 20an Rennesen antolatua den manifestaldiaren deialdia oroitarazi dute. Deialdi hori, 22 pertsonalitatek eta 18 antolakunde politiko eta sindikatuk izenpetu dute. Hauetariko bat da Sud Solidaires Santé sindikatua. Honek, otsailaren 2an Guimon hartatzen duten ospitaleko zuzendaritzari gutun bat helarazi zion, presoari osasunerako eskubidea ukatua zitzaiola salatuz.

Otsailaren 15ean, berriz, Jean-René Marsac Ille-et-Vilaine departamenduko diputatuak, bere izenean Jean-Jacques Urvoas ministroari gutun bat helarazi zion, Lorentxa Guimoni baldintzapeko askatasuna aitortzea eskatuz.

Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasunaren deliberoa otsailaren 25ean hartu behar dute epaileek.

(1) Breizhistance (Bretainiako ezkerreko alderdi independentista), Skoazell Vreizh taldea, (Euskal Herriko Etxerat kolektiboaren parekoa), SLB (Bretainiar langileen sindikatua), NPA alderdi antikapitalista.

(2) Jean-Luc Bleunven, Chantal Guittet, Richard Ferrand, Nathalie Appéré, Paul Molac, Jean-René Marsac.