Buruko odol kolpe bat pairatu ondoren, Baionako erietxean ospitaleratu eta urgentziaz ebakuntza bat egin behar izan zioten azaroaren 28an. Egun batzuk beranduago Donibane Lohizuneko auzapeza zendu da erietxean, France Bleu irratiak berri eman duenez. Bere ehorzketak astelehenean iraganen dira 10.30ean Donibane Lohizuneko Saint-Jean-Baptiste elizan.
2002az geroztik, Donibane Lohizuneko auzapeza zen Peyuco Duhart. Horrez gain, Euskal Elkargoko lehendakariordea izendatu zuen Jean-René Etchegaray lehendakariak. Duhartek Errepublikanoak alderdia uztea erabaki zuen uda honetan. Horrek pentsarazi zuen auzapeza Senatuko hauteskundeetara aurkezteko asmoa zuela, baina azkenean ez zen horrela izan.
"Gizon goxoa zen", aitortu du Donibane Lohizuneko hautetsia den Peio Etcheverry Aintchartek. "Nahiz eta aurkari politikoa izan, estimatzen dut azken urteetan bake prozesuaren alde engaiatu baitzen".