Gaztela defendatu ondoren, Nafarroaren alde borrokatu den kapitaina

Joanikot kapitainaren istorioa kontatzen duen pastorala izanen da aurten, Altzai eta Lakarri herriek antolatuta. Igandean eta abuztuaren 6an emana izanen den antzezlanak Nafarroako Erresumak Noaingo gudua galdu zueneko garaira eramanen ditu ikusleak, 1521era. Arberoako Joanikoten emaztea izan zena, Hostako Maia, protagonista ere bilakatu du Joana Etxart idazleak. Jean-Pierra Rekalt izanen da aurten ere errejenta.

Idoia ERASO|27/07/2017 17:33|0 commentaires
Gar_joanikot_pastorala_bobedme101
Azken prestaketetan ibili dira Alzaiko herritarrak azken asteetan. © Bob EDME

Berritzailea izanen da aurtengo pastorala. Obra bakoitzak bere berezitasunak baldin baditu ere, Joana Etxarten eskutik helduko den honek besterik ekarriko du: ez du apez urdinik, ezta aingerurik izanen ere. Ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokan oinarritua den obra dualista honetan elizgizonak "gorriak", hau da, gaiztoak, izanen dira, ikuspegi tradizionala hautsiz. "Pastoral batetik bestera beti bada diferentzia, eta hau handia izanen da", baieztatu zuen Jean-Pierra Rekalt errejentak. "Gogoeta ttipi batendako ematen du", gaineratu zuen.

Jadanik ikusia baldin bada ere, pastoralari izenburua ematen dion pertsonaiaz gain ondoan zuen emazteari ere eman zaio sujetaren papera, emakumearen tokia pastoralen munduan ere handitzen ari baita. Ez da ohikoa idazlea emakumea izatea, eta horren eskutik garapena heldu da, idazleak gogoeta egin baitzuen pastoralak idaztean izaten den emakumearen tokiaz, eta horren araberako ekarpena egin du. Ikuspegi hori prozesu baten baitan kokatzen du errejentak: "Gauzak ari dira aldatzen, izanen da beste idazlerik eginen duena, normala da".

Bi sujeta izanen ditu, beraz, aurtengo pastoralak. Arbonako Joanikot kapitaina Gaztelako erresumaren alde aritu zen, baina Nafarroako konkista hasi zelarik Albretarren alde ematea erabaki zuen eta Noaingo guduan galdu eta gero kondenatua izan zen. Azken honen emazte Hostako Maiaren ibilbidea ere emana da, Baionara ihes egin zuelarik oro galduta. Bi kargu horien artean maitasun istorioa ere eman du idazleak.

Joanikoten papera eginen du Eric Alzazebek eta Maiarena Paskale Aramburuk. Biak ezagunak dira Xiberoan, talde txikietan kantuan aritu direlako. Elkar ere ezagutzen dute, lehenago elkarrekin kantatu izan baitute. Beraiez mintzatzean Rekaltek argiki baieztatu zuen: "Bozak oso ederrak dituzte, kantari onak dira eta elkarrekin oso trebeak".

Dantzei dagokienez, hamabost pertsona elkartu dituen taldea da, azken lauzpabost urteetan astero entseatzen jardun dena, zuzendariaren arabera: "Denetarik bada, badira dantzari oso onak, adin batekoak, gazteak... talde ederra".

Herri txikiak dira Altzai eta Lakarri, eta kargudun, dantzari eta kantariez gain herri guztiak parte hartu duela nabarmendu dute antolatzaileek. "Gutxi gara, 300 bat jende gara, baina denak hor gara, eta oso plazer egiten dugu", erran zuen zuzendariak.

Errejent ezaguna

Aurten ere Rekalt izanen da pastoralaren errejenta. Orotara hamasei pastoral zuzendu ditu, eta azken hiru urteotan bera izan da lan horretarako hautatua. Horren arrazoiari buruz galdetuta hau erran zuen: "Lan gaitza delako, jende anitz bada, eta uste dut badudala pazientzia pixka bat, ez naiz kexatzen, eta gauzak lasai uzten ditut. Menturaz horretarako izanen da".

Ikuspegi artistikoari buruz ondorengoa gaineratu zuen: "Nire ikusteko moldea gauza horietan pastoral sinple-sinplea egitea da, bozak eta dantzak agerraraztea. Errejenta guztiek badugu egiteko manera, nik nirea, eta menturaz gustatuko zaizu".
 


"Euskaraz eta kito, horretarako dugu pastorala egiten", dio Jean-Pierra Rekaltek

Ia ohitura bilakatu da pastorala egiten den herrian euskaldun ez direnek euskara ikastaroak jasotzea, baina aurten ez da horrela izan.

"Errejent egiten dudalarik, kasik bortxatua izan naiz frantsesez mintzatzera erdiek ez zutelako ulertzen, baina ibar honetan denek emaiten dute euskara", baieztatu zuen Jean-Pierra Rekalt errejentak.

"Euskaraz eta kito, horretarako egiten dugu pastorala, euskaraz bizi gaitezen", gaineratu zuen zuzendariak.