Ramiro Arrueren obrak, argitara

Ramiro Arrue artistaren obra erakutsi gabeak Biarritzeko Belleveun plazaratu dituzte irailaren 17ra arte. Argitaratuko dituzten 300 obratik gora pinturak, marrazkiak, esmalteak eta liburuak ikus daitezke. Arruek Paisaiak eta, batez ere, giza irudiak eta eszenak margotu zituen.

Kazeta|17/07/2017 08:20|0 commentaires
0709_kul_arrue2
Euskal Herriko bizimolde eta tradizioak eraman zituen Ramiro Arruek.

Ramiro Arrueren gaineko erakusketa monografikoa antolatu du Biarritzeko Bellevue aretoak uda honetarako, Garako artikuluak aipatu duenez. Irailaren 17ra bitartean, jendaurrean erakutsi gabeko 300 obratik gora ikusi ahalko dira espazio horretan, Biarritzeko Herriko Etxeko kultur gaietarako zuzendari Alain Fourgeaux-ek Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian azaldu zuenez.

"Bellevuen antolatu den erakusketa handiena da eta ikusi ahalko diren ia 350 obren artean denetik egongo da; liburuak, marrazkiak, olio-pinturak, akuarelak, esmalteak, eskutitzak...", zehaztu zuen, eta erakusketa atontzearen ideia Arrueren obra ondo aski ezagutzen duen Olivier Ribeton-en eskutik iritsi zitzaiela azaldu zuen. Ribeton Baionako Euskal Museoko kontserbatzaile nagusia da, Arrueren gaineko hainbat ikerketa publikatu eta erakusketak antolatu ditu, eta bera da “Ramiro Arrue (1892-1971). Abangoardiaren eta tradizioaren bidegurutzean” izendatu duten erakusketa honen komisarioa ere.

Azaldu zuenez, Bilbo, Gasteiz, Baiona, Bergara, Paue, Geneva eta Cap d’Aileko museo eta bilduma pribatu anitzetatik ekarritako obrak dira Biarritzen bildu dituztenak eta horien bidez Arrueren obraren errepaso zabala egin daiteke.

Arrueren obrari testuingurua ezartzeko, bere jatorriaz mintzatu zen Ribeton. Arrue 1892an sortu zen Bilbon eta, bera jaiotzeaz batera ama zendu zenez, izeba batek hartu zuen haren haurrak aurrera eramateko ardura. Izebak antigoaleko gauzak salduz ateratzen zuen bizimodua eta Parisen denda zabaltzearekin batera hara eraman zituen haurrak ere. "Ramirok Parisen jaso zuen formakuntza osoa", azaldu zuen Ribetonek, batez ere Monparnasseko akademia libreetan, eta bertan ezagutu zituen Mogrobejo eta Durrio eskultoreak eta Picasso eta Ignacio Zuloaga pintoreak, besteren artean. "Picassorekin ez zuen harreman handirik izan, iraultzaileegia zela pentsatzen baitzuen, baina Zuloagarekin bai, interes handia erakutsi zuen Ramiroren obrarekiko", esan zuen Ribetonek, eta, bere iritziz, Arruek sekula eskultura landu ez bazuen ere artearen alor hau jorratzen zutenekin harremana izateak bere obran eragina izan zuen, "bere lanetariko askok eskultura iradokitzen duten bolumena bai baitute".

Bellevueko erakusketaren lehenengo zatian, Arruek aro horretan egindako obrak ikusi ahalko dituzte bisitariek eta, kronologikoki jarrita, bere ibilbidean zehar izan zuen garapena ikusi ahalko da.

Arrueren obran euskal tradizioa eta bizimoldea irudikatzen duten margolan figuratiboek hartzen dute nagusitasuna. Margotu izan zituen paisaiak aski ezagunak badira ere, batez ere giza irudikapenengatik –nekazariak, arrantzaleak, dantzariak eta pilotariak nagusiki– da ezaguna eta, Ribetonen hitzetan, talde-bizitza eraman ohi zuen bere margolanetara, doluaren, jokoen eta herri-kirolen inguruko margolanak birsortuz nagusiki. "Euskal familia irudikatzeko modu berritzailea asmatu zuen", baieztatu zuen.

"Baina lotsatia zen Ramiro. Ez zen pertsona oso irekia. Eta ez zitzaizkion interesatzen sortzen ari ziren industria eta mekanizazioa", nabarmendu zuen komisarioak, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuela esan zuen, "baina ez hegoaldera, iparraldeko bizitza zen interesatzen zitzaiona, nekazarien bizitza; bertan topatu zuen behar zuen oreka".

Hala, 1971n zendu zen Arrue, Donibane Lohizunen.

Atrezzoetatik kantuetara

Bellevuen ikusgai jarri dituzten obren gainean Ribetonek nabarmendu zuen Montparnassen pintura ikasketak burutzen aritu zen aldian zenbait margolarirekin trukatutako gutunak ikusi ahalko direla, bai eta Pierre Lotirentzat 1927an egindako ilustrazioak, 1924an Baionako Euskal Museoaren sortzerako egindako kartela eta Oldarra taldearentzat, Maskaradetarako edota Ipar Euskal Herriko hainbat jaietarako egin zituen kartelak ere. Eresoinkako dantzari eta kantarientzat diseinatu zituen jantziek eta atrezzoak zer itxura zuten ikusteko aukera ere izango da erakusketan.

Margolanei dagokienez, euskal tradizioaren eta bizimoldearen berri ematen duten obrak eta zenbait paisaia ere ekarri dituzte baina, Ribetonek adierazitakoaren arabera, denetan ikusgarriena Bergarako Olaso dorretxetik ekarri dutena da: "Isidoro Monzonek Saran zuen etxerako bederatzi metro luze dituen margoa egin zuen, gerora Bergarara eraman zutena, eta hura ekartzea lortu dugu", esan zuen.

Bitxitasunen artean, bi metro luze dituen arraunlarien koadro bat –Adolfo Larrañagak arraunlariei eskainitako poema-bilduma ilustratu ostean egindako margolana–, eta euskal kantutegiari lotutako bi koadro –“Maritxu nora zoaz?” kantua inspirazio iturri hartutako bat bada– nabarmendu zituen erakusketako komisarioak.