Bi asteko baraualdi bati ekin dio gizarte zibileko gazte talde batek

Hamabost egunentzako baraualdi bat egiten hasi dira gizarte zibileko gazte batzuk Hiriburun. Iraganiko hilabeteetan, bakearen artisauek irekitako bideari lotu nahi zaizkio.

Kazeta|07/07/2017 17:11|0 commentaires
Guz_jeune_gosez_preso_hiriburu_imiquelestorena01
Gizarteko zibileko gazte batzuk baraualdian sartu dira presoen eskubideen alde. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Bakea eta konponbidea gogoan, bi asteko baraualdi bat hasi dute hainbat gaztek Hiriburun. Gizarte zibileko gazte gisa aurkeztu dute beren burua baraualdia egiten dutenek. Izan ere, azken hilabeteetan, bakearen artisauek eta gizarte zibilak egindako urratsak oroitarazi dituzte. Haiek ere urrats bat gehitu edo abiatzeko asmoz, uztailaren 12an bukatuko den baraualdian sartu dira beraz.

Baraualdi horren bidez, "euskal presoen sakabanaketa salatu nahi dugu", adierazi du Unai Aurkazek. ETAren armagabetzea dela eta, presoak hurbiltzeko tenorea dela erran nahi dute gazteek. Horrez gain, larriki eri diren presoak askatu ditzaten eskatzen dute. "Euskal Herriaren historian, 2011ko borroka armatuaren eteteak, eta 2017ko armagabetzeak bide berri bat ireki digute", erran dute gazteek. Abenduraren 9ko Pariseko mobilizaziora joateko hots egin dute.

Gizarte zibilean gazteak ere badirela adierazi dute, eta gazte horiek euskal konfliktuaren konponbidearen alde engaiatu nahi dutela azpimarratu. Horregatik, baraualdia amaituko den uztailaren 22ko egunean Euskal Herri osoko gazteei Hiriburura joateko deia luzatu diete, mugimendu zabal bat sortzeko helburuarekin. Anartean, hainbat ekimen antolatuko dituzte egunero, mintzaldiak edo film proiekzioak besteak beste. Horrez gain, arrastiriro zazpietan elkarretaratzeak eginen dituzte. Bestalde, uztailaren 14ean, Donibane Garazin, Maulen, eta Baionan mobilizazioak izanen dira.

Oraingoz, hogei eta hogeita hamar gazteren artean dira, baina bihartik goiti, haietako lauk segituko dute baraualdia jadanik okupatzen duten oihal etxe handi batean. Mentalki eta fisikoki prest direla segurtatu dute. Hala eta guztiz ere, mediku bat ondoan edukiko dute bi astez.

INFOS ASSOCIÉES