Kazeta

Herri Urrats, aldarrikapenak ere entzunarazten dituen ekimena

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko ekimenak milaka euskaltzale bildu ditu maiatzaren 14ean. Ospakizunaren idekidura ofiziala beren kezkak plazaratzeko baliatu dute Seaskako arduradunek. Horien artean, Hezkuntza Nazionalak ukatu dizkien irakasle postuen kopurua.

Adin guzietako euskaltzaleak batu ziren aurtengo Herri Urratsen. ©Isabelle Miquelestorena
Adin guzietako euskaltzaleak batu ziren aurtengo Herri Urratsen. ©Isabelle Miquelestorena

Euskaltzaleak Senpereko aintzirara ailegatzen ziren bitartean, hamarnaka aurpegi ezagun bildu ziren Herri Urratseko idekidura ofizialean. Senpereko auzapeza den Jean-Pierre Nousbaumek ongietorria eman ondoren, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak elkarteak bizi duen egoeraren berri eman zuen.

"Heldu den ikasturterako 22-25 irakasle postu berri eskatu ditugu. Ostiralean jakin dugu soilik zortzi eskaini dizkigula Hezkuntza Nazionalak", azaldu du. Irailean 3.500 ikasle batuko dituzte Seaskako ikastetxeek. Urtez urte, etengabeko garapena bizi du elkarteak. Horren islak ikasturte berrian idekiko dituen Bokaleko ikastola, zein Baionako kolegio eta lizeo berriak dira.

Irasle postuen kopurua ez da Seaskak duen kezka bakarra. Hain zuzen, Falloux legea ere beti presente dagoela nabarmendu du elkarteak. Oroitarazi behar da 1850eko araudiak diru publikoa eskola pribatuei ematea, baita eraikin publikoak uztea ere debekatzen duela.

"Falloux legearen kontra joko ez lukeen araudi bat behar da. Hots, tokiko elkargoek laikoak diren ikastetxe pribatuak sostengatzeko, kolektibitateen kodea landu behar da", aitortu zuen Sylviane Alaux diputatu sozialistak.

Seaskaren aburuz, Ipar Euskal Herria euskararentzat esperimentazio lurralde bat bilakatzea aterabide bat izango litzateke. "Ikuskari bat izango genuke, murgiltze sistema posible izango litzateke maila guztietan eta herriek ikastolak laguntzen ahalko lituzkete", aipatu du Seaskako lehendakariak.

Bildutakoa lizeo berriarentzat

Indo ez zen hitza hartu zuen bakarra izan. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak "arnasa-berritzailea" den Herri Urratsera ongi etorria eman zion Jean-Rene Etchegarayri, ikastolen aldeko bestan lehen aldiz Euskal Elkargoko lehendakari gisa parte hartzen zuela eta.

Halaber, Silvyane Alaux diputatua eta Jean Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako senatari eta presidentea, frantsesez aritu ziren. Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa, "Urkullu lehendakariaren agurra eta besarkada" ekarri zituen.

Etchegarayk euskaraz eta frantsesez eskaini zuen diskurtsoan, aurrez beste hizlariek egin moduan, datorren ikasturterako Seaskak Baionan ireki nahi duen Bernat Etxepare lizeo berria izan zuen hizpide, iaz bezala, aurten Senperen bildutako diru guztia proiektu horretara bideratuko baita.

Harrera ekitaldia bukatu zenerako Senpereko aintziraren ingurubirak Herri Urrats arrakastatsu baten tankera zuen. Zazpi guneek egunean zehar egitarau aberatsa errezibitu zuten. Musika eta dantza emanaldietara hurbildu ziren adin guzietako lagunak.