Kazeta

Didier eta Sophie Borotraren kontrako auziaren erabakia martxoaren 28an

Didier Borotra, bere alaba den Sophie Borotra eta Françoise Pautrizele auziperatu dituzte urtarrilaren 31n diru publikoa legez kanpo erabili izanagatik. Epaileak aferari buruzko deliberoa martxoaren 28an jakinaraztea erabaki du.

Didier Borotraren abokatuak akusazioak bertan behera uztea eskatu du. ©Isabelle Miquelestorena
Didier Borotraren abokatuak akusazioak bertan behera uztea eskatu du. ©Isabelle Miquelestorena

Didier Borotra Biarritzeko auzapez ohia auzitegietara itzuli da urtarrilaren 31n. Iragan astean 4.600 isun baino gehiago baliogabetzeagatik kondenatua izan ondoren, orain, "legez kanpoko interesa hartzeagatik" epailearen aitzinetik pasa da. Hain zuzen, Borotrak zuzentzen zuen SMEL Biarritz Océan elkarteak bere alabak kudeatzen zuen AGC elkartearekin kontratuak izenpetu zituen. Epaileak kasua aztertu ondoren, deliberoa martxoaren 28an jakinaraziko du.

Auzian Baionako prokuradorea den Samuel Vuelta Simonek Didier Borotrarentzat urte bateko espetxe zigorra gibelapenarekin eta 35.000 euroko isuna eskatu du. Gainera, hiru urtez herritar eskubideen debekua galdegin du.

Bere alabarentzat, ordea, hiru hilabeteko zigorra gibelapenarekin, baita 15.000 euroko isuna ere galdegin du. 2013an, SMEL Biarritz Océan elkarteko zuzendaria zen Françoise Pautrizelentzat hiru hilabeteko kondena eta 6.000 euroko isuna aldarrikatu du. Halaber, abokatuek akusazioak bertan behera uztea eskatu dute.

Gidaritzapean

Epaileak Borotrak garaian zuen ardurek kontratu horiek izenpetzea ahalbidetzen zioten edo ez aztertu du. Salaketa jarri duen Jean-Yves Viollierek "justizia egin" nahi du. Bere abokatuak azaldu duenez,  "Borotrak ondasun pribatua eta publikoa nahasi ditu". "Borotrak begiak hetsi ditu. Ez da posible ez jakinean izatea", erantsi du.

Hain zuzen, Françoise Pautrizelek garaiko zuzendari nagusiak kontratua izenpetu zuen. Lehendakaria jakinean ez zegoela baieztatu zuen. Beranduago jakingo zukeen. Baina legeak dioenez, presidentearen gidaritzapean jokatu zuen. Hori dela eta, gaizkidetasunagatik auziperatu dute.

Gertakariak 2013an iragan ziren. Garaian, Malherbe abokatuak dioenez, Sophie Borotra langabezian zegoen. "Alabaren egoera ekonomikoa arazoaren oinarria" dela dio Didier Borotraren abokatua den Daniel Lalannek.

Elkartea sortu ondoren, irailaren 15ean AGC eta SEMLek lehen kontratu bat izenpetu zuten. Sei hilabeteko iraupena eta 11.000 euroko kostua zuen. Martxoan, beste kontratu bat izenpetu zuten. Kasu honetan urte bateko iraupena eta 24.000 euroko aurrekontukoa zuen.

Prokuradoreak aipatu duenez, "eskatutako lana bururaino eraman zen". "Jakin behar dena da bien arteko lotura dela eta, Didier Borotrak kontratu horiek izenpetzen ahal zituenez", erantsi du. Halaber, ordaindutako prezioa egokia zenez ikertu behar dute.