Kazeta

Hamarka euskal preso eta preso ohi FIJAIT fitxategietan sartu dituzte

Estatu frantsesean izan ziren atentatuen harira sortutako neurria iragan uztailaren 1ean martxan jarri zuten. 37 euskal preso eta zazpi preso ohi FIJAIT deitu fitxategietan sartu dituzte, horren eraginez neurri "murritzaileak" bete behar dituzte.

Neurriak agintzen dituen betebeherrak urratuz gero, bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso lukete. ©Isabelle Miquelestorena
Neurriak agintzen dituen betebeherrak urratuz gero, bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso lukete. ©Isabelle Miquelestorena

2015ean Charlie Hebdoren kontra izandako atentatuaren harira, Gobernu frantsesak "terrorismoarekin" lortura duten herritarrak zaintzeko tresna baten beharra agerian utzi zuen. Ildo horretatik, FIJAIT Arau hauste terroristen egileen fitxategi judizial frantses automatizatua sortzea onartu zuen 2015eko uztailean. Urte bat beranduago, hots, uztailaren 1ean, neurria martxan jarri zuen. Abuztuaz geroztik, Estatu frantsesean kartzelatuak diren 37 euskal preso eta zazpi preso ohik fitxategi horretan sartuak direla jakin dute.

Horien artean, Ramón Arano eta Eñaut Aramendi euskal preso ohiak daude. Horiek beren haserrea adierazi zuten urriaren 19an LDH Giza Eskubideen Ligak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordeak antolatu agerraldian. "Benetako kontrol judizialpean egotea da eta bizitza baldintzatuko digu", azaldu du Aramendik. Aranok neurria "probokazio eta mendekotzat" jo zuen.

Preso ohiak aske diren arren fitxategiak agintzen dituen betebeharrak dituzte. Horiek urratuz gero, bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jasoko lukete. Fitxategi horien inskripzioak hogei urteko iraupena du; lehen hamar urteetan neurri zorrotzak jartzen dizkiete. Clara Rouget abokatuak FIJAITen sartua izatearen eragina nabarmendu zuen. Hala nola, fitxatua "bilatutako pertsona" bezala agertzen da.

"Askatasun murritzailea"

Alde batetik, fitxatua denak hiru hilabetean behin bere bizitokia justifikatu behar du; bizitokiz aldatuz gero, hamabost egun lehenago abisatu eta justifikatu behar du. "Hego Euskal Herritik hamar kilometrotara bizi gara. Harat goaz gure lanarentzat edo gure familia ikustera", erantsi du Aranok. Gisa berean, Estatu frantsesetik ateratzeko hamabost egun lehenago ere abisua eman behar dute.

Bost preso ohik fitxategietan izatearen kontrako helegitea aurkeztu dutela jakinarazi zuen abokatuak. Zigorren Ezartzeko Auzitegiak horietako lau ezeztatu ditu.

Cristophe Deprez LDHko ordezkariaren aburuz, fitxategia "askatasun murritzailea da". Halaber, Anne-Marie Michaud Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordeko kideak euskal presoak fitxategitik kenduak izan daitezela fermuki eskatu du.