Iurre BIDEGAIN

Bagoazek Estatu frantsesak euskal presoen dosierrak "mespretxuarekin" lantzen dituela salatu du

Bagoazek euskal presoen egoeraren berri emateaz gain, Valenceko kartzelan dauden Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaranen mobilizazioaren berri eman du. "Kexu" dagoela nabarmendu ondoren, Estatu frantsesari bere erantzukizuna hartzea eskatu dio.

Bagoazek gaualdi bat antolatuko Baionan urriaren 21ean. ©Aurore LUCAS
Bagoazek gaualdi bat antolatuko Baionan urriaren 21ean. ©Aurore LUCAS

Bagoaz kolektiboak euskal presoen egoeraren berri eman du irailaren 14ean Baionan. Arreta ezarri du Valenceko presondegian dauden Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran burutzen ari diren mobilizazioan. Bi euskal presoek Euskal Herritik hurbilduak izatea aldarrikatzen dute. Bagoazek lan ildo berriak, kanpainak eta hitzorduak azalduko ditu urriaren 21ean Baionako Polo Beyriseko MVC (Maison de la Vie Citoyenne) gelan antolatuko duen gaualdian.

Gaur egun 370 preso daude eta horietariko 80 Estatu frantsesean presondegiratuak dira, Bagoazek azaldu duenez. Hogeita bi atxiloaldi prebentiboan dira; bostek euroagindu edo estradizioak dituzte. Berrogeita hamazortzi kondenatuak dira; berrogeita hiruk euroagindu edo estradizioak dituzte. Hogeita bi presok Estatu frantsesean egoteko debekua dute.

Hiru bizi osorako zigorrera zigortuak direla oroitarazi du: Jon Kepa Parot, Txistor Haranburu eta Jakes Esnal. Hamar euskal presoek baldintzapeko askatasunaren eskaera egin dute eta soilik bati onartu diote: Lorentxa Guimoni, Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarra.

Euskal Herri osoan larriki gaixorik dauden hamar euskal preso daude; horietariko bat Estatu frantsesean kartzeleratua da: Ibon Fernandez Iradi. Esklerosiz anizkoitza duen euskal presoak kondena eteteko eskakizuna egin ondoren, ukatu zioten. Kasazio Auzitegiak kasua berrirekitzea erabaki zuen eta auzi berri baten esperoan dago.

"Politika hetsia eta zorrotza"

Bagoazek euskal presoak beren eskubideen alde borrokak burutzen ari direla jakinarazi du; Valencen iragaiten ari dena oroitarazi du. Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran Valenceko kartzelara sakabanatu zituzten uda honetan. Geroztik, mobilizatuak dira Euskal Herrira hurbilduak izan daitezen fermuki eskatzeko. "Zer jokotan ari da Estatu frantsesa euskal presoekin? Agerian uzten du zein mespretxurekin lantzen dituen euskal presoen txostenak", nabarmendu du Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak.

Zigor Goieaskoetxeak, Ibon Goieaskoetxearen anaiak aurten ireki den Valenceko kartzelak segurtasun neurri "izugarri zorrotzak" dituela azpimarratu du. Adibidez, uhinak ezabatzeko sistema bat du, horrek telefonoak espetxean sartzea oztopatzeko xedea du, besteak beste. "Horrek presoengan baita funtzionarioengan eragiten du; funtzionario zenbait osasun arazoak ukan dituzte", kontatu du.

Gainera, Valencen "profil bereziak dituzten presoak espetxeratuak dira; "bortizkeria handikoak". "Agerian ematen da zein den kartzelaren politika hetsia eta zorrotza", erantsi du. "Ibon eta Aletxu mitardean daude hurbilduak eta beste euskal presoekin bateratuak izan daitezen aldarrikatzeko", erantsi du Goieaskoetxeak.

"Gure konstatazio bakarra da inongo aldaketarik gertatu ez dela. Kexa erakutsi nahi dugu", erran du Martinek. Estatu frantseseko lehendakari berria hautatzeko zortzi hilabete falta direla gogoratu du. "Gobernu sozialistari lanean hastea eskatzen diogu, presoak hurbilduz, eriak askatuz, baldintzapeko askatasunak onartuz eta baldintzak hobetuz", gehitu du.