Goizeder TABERNA

Baionako CGT-k LABen kontrako helegitea salatu du

Baionako CGT militanteek begi txarrez ikusten dute beren konfederazioak LABen hautagaitzaren kontrako helegitea aurkeztu izana.

CGT sindikatuko boz kritiko anitz agertu dira Ipar Euskal Herrian.
CGT sindikatuko boz kritiko anitz agertu dira Ipar Euskal Herrian.

LABen hautagaitzaren kontrako errekurtsoaren auziak segitzen du. CGT-ko Baionako batasuneko animazio taldeak mozio bat plazaratu du, enpresa tipietako hauteskundeen harira konfederazioak abiatu ekimena kritikatzeko. Edukia baino, forma du zalantzan jartzen idazkiak.

"Tokiko militanteei ez diete iritzia galdetu, ezta informaziorik eman, lurralde honetan sentsiblea den gai batentzat", diote Baionako militanteek. Pariseko CGT konfederazioak aurkeztutako helegitea epaileen esku dago orain eta haien erabakia abuztuaren 4an jakinen da.

Ekainaren 2 eta 3an LABekin harremanak berriz hartzeko eskaera egiten zuen mozio bat bozkatu zutela oroitarazten dute. Departamendu mailako erabaki guneei zuzendu zieten eskakizuna. Eta "konfederazioak ez [duela] elementu hori kontutan hartu" nabarmendu dute. Tokiko militanteak ataka batean uzten dituela eta ez duela errekurtsoaren interesa ulertzen idatziz bukatu dute sindikalistek.

Baionako batasunarena, CGTko militanteek egindako hirugarren mozioa da. Lehenago konfederazioko bederatzi sindikatuk idazki bat argitaratu zuten. Ondoren, hamabost bat CGTko sindikalistek izenpetutako testu bat hedatu zuten.