Ximun LARRE

Auzitegiak La Poste zigortu du

Baionako postariek greban segitzen duten bitartean, Auzitegiak La Poste zigortu du. Enpresak bitartekako langileak kontratatu ditu greban direnen hutsunea betetzeko.

Baiona La Poste enpresaren egoitza.
Baiona La Poste enpresaren egoitza.

Bada hamaika egun Baionako postariak greban direla. La Poste enpresak plantan ezarri nahi duen berrantolaketaren kontra mobilizatuak segitzen dute. Geroztik, negoziatzeko egin dituzten saiakerek porrot egin dute. Enpresak bitartekako langileak kontratatu dituela eta, CGT sindikatuak salaketa bat ezarri du. Horren harira, Baionako Auzitegiak La Poste zigortu du ekainaren 16an, ostegunarekin.

Asteartean zuzendaritzak egin proposamenak ez dira nahikoak grebalarien aburuz. La Postek jakinarazi du, agiri baten bidez, egun horretan "gutunen %60a banatua izan zela". Zenbaki hori frogatzea zaila da eta zuzendaritzak ez du zehazten zein baldintzetan eta nork banatu dituen gutunak.

Lan ikuskariak grebalariak ordezkatzeko bitartekako langileak kontratatu dituela baieztatu zuen ekainaren 9an. Lan Kodeak dioenez, horrek "greba egiteko eskubidea" urratzen du. Haatik, La Postek bere burua defendatu du langile horiek lan emendioari aurre egiteko kontratatu dituela erranez.

Azalpenak ez du Auzitegia konbentzitu eta La Postek "greba egiteko eskubidea trabatu" duela erabaki du. Enpresak legea urratzen duen arau hauste bakoitzeko 2.500 euro ordaindu beharko ditu.

Grebalarientzat Auzitegiaren zigorra "aitorpen bat" da, baina mobilizatuak segituko dute. "Zuzendaritzak kanpotik etorritako langileak ekarrarazten ditu gutunak banatzeko, ez da ilegala, baina greba oztopatzeko asmoa gailentzen da", aipatu du Anne Campet CGTko ordezkariak.