Iurre BIDEGAIN

Zortzi egun gose greba, bizi baldintza hobeagoak aldarrikatzeko

Fresnesko kartzelan dagoen Itziar Moreno isolamenduan dago maiatzaren 2tik. Bere egoera salatzeko gizonen moduluko bost euskal preso gose greban dira maiatzaren 10etik. Etxerateko bozeramailea den Urtzi Errazkinek "egoera ez dela ona" nabarmendu du; haatik, "indartsu daude".

Maiatzaren 2an emazteen Fresnesko kartzelan ekintza bat burutu zuten.
Maiatzaren 2an emazteen Fresnesko kartzelan ekintza bat burutu zuten.

Itziar Morenoren isolamendua salatzeko, Ugaitz Errazkin, Saul Curto, Xabier Goienetxea, Oier Ibarguren eta Enrique Lopez Fresnesko kartzelan dauden euskal presoak gose greban daude iragan maiatzaren 10etik. Gainera, elkartasuna adierazteko eta egoera salatzeko, Ekiñe Izagirrek eta Iratxe Sorzabalek mitard-era sartu zitzaten bultzatu zuten iragan astean; geroztik bertan daude. Etxerateko bozeramailea den Urtzi Errazkinek Morenoren kasua maiatzaren 16an aztertu zutela iragarri du.

Apirilean zehar Fresnesko emazteen moduluko presoek bizi baldintza hobeagoak aldarrikatzeko gutun bat idatzi zioten zuzendariari. Erantzun ezaren aitzinean, patiotik itzultzean presoek hamar minutuko geldialdia egitea erabaki zuten. Ekintzaren eraginez, zuzendariak Itziar Moreno bulegora deitu ondoren, mobilizazioaren buru zela leporatu zion. Maiatzaren 2tik, isolamenduan dago.

"Apirilean hasitako aldarrikapenek bizi baldintza hobeagoak eskatzeko burutu zituzten. Higiene aldetik, haurdun diren emazteen errespetua eta funtzionarioek normaltasunez tratatzea, besteak beste", azaldu du Urtzi Errazkinek.

Errazkinek esplikatu duenez, "isolamenduan izatea guztiz aparte egotera zigortzen zaitu". "Zoritxarrez ez dago eperik han egoteko eta kasu honetan mugagabea da. Europak behin baino gehiagotan isolamendua tortura zuritzat jo du", erantsi du.

Etxerateko bozeramaileak gose greban dauden euskal presoak "indartsu daudela" azaldu du. "Kontutan hartu behar da Fresneskoa 1.898. urte inguruan eraikitako kartzela dela. Bertan aurre egin behar dieten baldintzetaz gain, gose greban daude. Hala ere, injustizia hori salatzen segitzeko indarrak dituztela erran dute", azpimarratu du.

Elkarrizketa bultzatu

Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen defentsarako batzordeak ere egoera salatu nahi izan du. Horretarako, gutun bat bidali dio Isabelle Gorce Kartzela Administrazioko zuzendariari. Gutunean azken egunetako gertakariekin "arranguratuak" direla adierazi dio.

"Bizi baldintza duinetaz hitz egiten dugu, haiek araudiaz. Komunikatzeko, hitz egiteko eta elkartzeko beharraz mintzatzen gara, haiek segurtasunaz eta isolamenduaz", erantsi du. Fresnes eta Fleury-Mérogiseko zuzendaritzarekin harremanetan jartzea eskatu dio elkarrizketa bultza dezaten. Giza Eskubideen defentsarako batzordeak lehenbailehen egoera konpontzea eskatu dio zuzendariari.