Iurre BIDEGAIN

Fresneseko euskal presoek gose greba abiatu dute Itziar Morenoren isolamendua salatzeko

Fresnesko kartzelan dagoen Itziar Moreno "epe luzerako" isolamendura zigortu dute. Presondegiko zuzendaritzak, eskubideen errespetua aldarrikatu duen mobilizazioaren buru izatea leporatu dio. Morenoren isolamendua salatzeko Fresnesko gizonen kartzelan dauden euskal presoek gose greba abiatu dute.

Maiatzaren 2an emazteen Fresnesko kartzelan ekintza bat burutu zuten.
Maiatzaren 2an emazteen Fresnesko kartzelan ekintza bat burutu zuten.

Fresnesko emazteen kartzelako presoek sinadura bilketa bat antolatu zuten apirilean zehar eskubideen errespetua aldarrikatuz. Desmartxak berrogei izenpetura bildu zituen. Hain zuzen, "funtzionarioen partetik errespetua eta haurdun dauden emazteak hobe tratatzea" aldarrikatu zuten, Etxerateko kidea den Muriel Lucantisek azaldu duenez.

"Presoek ez dute erantzunik jaso; tentsioa igo da", esplikatu du kideak. Maiatzaren 2an, protesta gisa, presoek hamar minutuko geldialdi bat burutu zuten. Lucantisek esplikatu duenez, "zuzendaritzak egun berdinean Itziar Moreno euskal presoari mobilizazioaren buru izatea leporatu zion".

Moreno zigortzeko xedez, presondegiko zuzendaritzak "epe luzerako" isolamenduan jartzea erabaki zuen. Etxeraten aburuz, "izugarrizko zigorra" da. Halaber, neurria salatzeko, Ekiñe Izagirre eta Iratxe Sorzabal "mobilizazio ekintza batean parte hartzeagatik", mitard-era (zigor ziega) sartu zituzten.

"Astelehenean atera dira eta ondotik berriz sartu dira. Gaur egun bertan segitzen dute", kontatu du. Itziar Morenoren egoera salatzeko Fresnesko gizonen kartzelako euskal presoek gose greba abiatu dute.