Kazeta

Lau soka-dantzari munduko marka lortzen entseatuko dira La Verna salan

Lau soka dantzari munduko marka lortzen entseatuko dira apirilaren 15ean Xiberoko La Verna lur-azpiko salan. Ehun metro inguruko goratasunean 220 metroko uhala zeharkatu beharko dute, salaren oztopoak kontutan hartuz; hezetasuna eta iluntasuna, adibidez. Asteburuan ariketa publikoaren aitzinean eginen dute.

La Verna munduko lur-azpiko salarik handienetariko bat da. ©La Verna.fr
La Verna munduko lur-azpiko salarik handienetariko bat da. ©La Verna.fr

La Verna eta Linkrope elkarteek ekimen berezi bat antolatuko dute apirilaren 13an. Guillaume Rolland, Lucas Millard, Antony Newton eta Maxime Kempa soka-dantzariek desafio bati aurre eginen diote lur-azpiko "highline" munduko marka lortzeko. Ehun metro inguruko altueran, 220 metroko luzaera eta 25 milimetroko zabalera duen uhala zeharkatu beharko dute. La Verna sala lur-azpian distantzia hori igarotzeko parada eskaintzen duen gune bakarra da.

Xiberoako La Verna sala munduko hamar lur-azpiko salarik handienen zerrendan dago. Turismo gune garrantzitsua da, urtero 13.000 pertsonek bisitatzen dute. Apirilaren 13an gunea "highline" aktibitatearen eszenatokia bilakatuko da.

Gaur egun Théo Sansonek kanpoan burututako "highline" markarik hoberena du. Hain zuzen, Estatu Batuetako Utah basamortuan 500 metroko luzaera zeharkatu zuen (ikus bideoa).

"Highline" ekintzaren berezitasuna parte hartzaileek elastikoa den uhal baten gainean oreka mantendu behar dutela da. Segurtasun soka bat duten arren, ez dute bestelako gailurik oreka atxikitzeko.

Publikoari irekia

Parte hartzaileek oztopo asko atzemanen dituzte lurpeko salaren ezaugarriak direla eta, hots, hezetasuna, tenperatura eta iluntasuna. Gelaren barnean antolatzaileek sei gradu inguru egiten duela azaldu dute. Horren harira, parte hartzaileek uhala oinetakoekin zeharkatu beharko dute eta horrek zehaztasuna kenduko dio mugimendu bakoitzari.

Apirilaren 15ean munduko marka lortzeko entsegua eginen dute. Antolatzaileek azaldu dutenez asteburuan publikoak gaitzeko ikusgarria izanen du. Haatik, ekimena ikusteko izena eman behar da La Verna salaren webgunean. Halaber, Santa Graziko herritik salara joateko autobusak antolatuko dituzte.