Kazeta

Euskal Haziak ikastetxe katoliko elebidunen besta antolatuko du

Euskal Haziak erakundeak Euskal Kosta-Aturriko ikastetxe katoliko elebidunen besta antolatuko du apirilaren 9an. Baionan iraganen den ekimenak ikasle guziei euskarazko animazioak eskaintzeko xedea du.

Kalakan taldeak ere ekimen berezian parte hartuko du. ©Isabelle Miquelestorena
Kalakan taldeak ere ekimen berezian parte hartuko du. ©Isabelle Miquelestorena

Gaur egun Euskal Kosta-Aturriko ikastetxe katoliko elebidunen sarean 400 bat ikasle daude; ama eskolatik lizeora. Euskal Haziak erakundeak euskarazko animazio berriak antolatzeko xedez ekimen berezi bat antolatuko du apirilaren 9an Baionako Le Guichot lizeoan.

Euskal Haziak erakundea 60. hamarkadatik lanean ari da euskarazko irakaskuntza eskola katolikoetan zabaltzeko. Ikasle, buraso eta irakasleek osatzen duten sarea Altzaitik Hendaiara eta Aldudetik Baionara zabaltzen da. Elkartea lau saretan zatitua da, hots, Euskal Kosta-Aturri, Hazparneko lurraldea, Urdazuri eta Xiberoa.

Euskal Kosta-Aturriko sarea zortzi ikastetxek osatzen dute. Hamazazpi eskoletatik bost elebidunak dira (%29,4a), zazpi kolegioetatik hiru (%42,9a) eta lau lizeoetatik bi (%50a). Ikastetxetik kanpo euskararen erabilera sustatzeko urtean zehar erakundeak hainbat ekimen antolatu ohi ditu: antzerki ikastaroak, kontzertuak, egonaldiak... Ildo horretatik, ekimen berri bat antolatuko du apirilaren 9an.

Emanaldi alaituak

"Anitza" den egitaraua denei irekia dela nabarmendu du taldeak. Arratsaldean, 16.00etan eskoletako haurrek beren emanaldiak eskainiko dituzte. Ondotik, euskarazko tailerrak proposatuko dituzte: mus jokoa, herri kirolak, euskal dantzen ikastea...

Halaber, 18.30tan Bardozeko Haugi'Mugi txarangak mutxikoak alaituko ditu. Azkenik, 21.00etan Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du Villa Pia lizeoko ikasleekin. Hirukoteak "Elementuak" azken diskoa aurkeztuko du.