Argitxu DUFAU

Hizkuntzen arteko berdintasuna bermatuko duen protokoloa

Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zuen otsailaren 24ean Baionan. Egitasmoaren xedea Europar Batasuneko hizkuntzen komunitateen arteko berdintasuna bermatuko duen tresna sortzea da.

Protokoaren azken emaitza 2016ko abenduan aurkeztuko dute. ©Isabelle Miquelestorena
Protokoaren azken emaitza 2016ko abenduan aurkeztuko dute. ©Isabelle Miquelestorena

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bidea 2013an abiatu zuten, Kontseilua eta Donostia 2016 egitasmoaren arteko elkarlanari esker. Desmartxak prozesu baten zabaltzeko nahia du, batez ere hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko.

"Donostia 2016 proiektuak hizkuntzei buruzko lan baten egiteko xedea zuen eta eginkizuna Kontseiluaren esku uztea erabaki zuen. Kulturaz gain, Donostia 2016ak bakea eta elkarkidetzaren printzipioak jorratzen ditu. Ildo horretatik, hizkuntzak elkarrekin ongi bizitzeko elementu bat dira", azaldu du Paul Bilbaok Kontseiluko idazkari nagusiak.

Protokoloaren azken emaitza 2016ko abenduan aurkeztuko dute. Hizkuntzen arteko berdintasunaren bermatzeko neurriek eta helburuek osatuko dute txostena. "Errealitate ezberdinen aitzinean gaude, baina protokolo hori Estatu bakoitzean aplikagarria izanen da", ziurtatu du Kontseiluko ordezkariak.

Hasiera batean, Kontseiluak egitasmoa Euskal Herriko hiri nagusietan aurkeztuko du eta ondoren Europar Batasunean. Ondotik, antolaketa taldeak proiektua prestatzeko tailerrak martxan jarriko ditu. Burutu eta, protokoloari buruzko proposamenak egiteko eta jasotzeko denbora hartuko du.

Politika bateratua

Europako sei elkarte linguistikok eta hizkuntza gutituetan edo adierazpen askatasunean adituak diren pertsonek osatuko duten antolaketa taldeak, batzorde zientifikoak (hamabost aditu europarrek osatua) baita gizarte eragileek ere protokoloa idatziko dute. Azken hauek neurriak ontzat emanen dituzte, lurraldeko errealitatea ezagutzen dutelako.

"Euskaraz gain, protokolo horrek Europako hizkuntza gutitu guziak jorratuko ditu", aipatu du Asier Basurto Arrutik Kontseiluko kideak. Europar Batasunak laborantza, ekonomia eta justiziari buruzko politika bateratuak plantan eman ditu; baina mementoz ez dago hizkuntza lantzen duen neurririk. "Hori konpondu nahi dugu", erantsi du Bilbaok.