Iurre BIDEGAIN

Iruzur fiskalaren kontra bahitutako 196 aulkiak itzuliko dituzte

Iruzur fiskalaren kontra lan egiten duten hainbat kolektibok 2015eko otsailetik bahitu dituzten 196 aulki itzuliko dituzte Pariseko Justizia Jauregian; Jérôme Cahuzacen ministro ohiaren auziaren abiatzean. Ekimenaren bitartez, pertsona baten epaiketa ez dela nahikoa salatuko dute: "iruzur fiskalaren auzi osoaren kontra borrokatu behar da".

196 aulkiak itzuli dituzte Parisen. ©Jon Palais
196 aulkiak itzuli dituzte Parisen. ©Jon Palais

Iragan urteko otsailetik, hainbat kolektibok sustaturik, iruzur fiskalarekin zerikusia duten banketxeetako 243 aulki bahitu dituzte. Hain zuzen ere, Bizi mugimenduak burutu zuen lehen ekintza Baionako HSBC bankutik zortzi aulki hartuz. Geroztik, gizarte zibileko eta kolektiboetako kideek 39 agentzietako aulkiak bahitu dituzte.

Hasiera batean, 196 aulki lortzeko xedea zuten, COP 21 gailurrean parte hartu zuten herrialdeen kopuru bera. "Gailurra iragan baino hiru aste lehenago kopurua erraz gainditua genuen. Urte horretan [2015ean] agertu den desobedientzia zibila izugarria da eta gainera adin eta arlo ezberdinetako pertsonek parte hartu dute", azaldu du ANV-COP21 mugimenduko kidea den Sylvine Bouffaronek.

Lortutako 243 aulkietatik 196 otsailaren 8an itzuliko dituzte Pariseko Justizia Jauregian; bertan, Jérôme Cahuzacen kontrako auzia hasiko da. Oroitarazi behar da Cahuzac Aurrekontuaren ministroa izan zen garaian zerga iruzurrengatik eta diru zuritzeagatik auzpiratu zutela. Horrez gain, 2012ko maiatzean gobernura sartu zenean frantses Estatutik kanpo zituen ondasunak ez deklaratzea leporatu zioten.

Eskakizunak botere publikoei

COP 21, Attac France, Bizi eta Les Amis de la Terre kolektiboek antolatu dute otsailaren 8ko ekimena; militanteek hitzordua 10.00etan finkatu dute. "Gure ekintzarekin erakutsi nahi dugu ez dela nahikoa pertsona bakar bat epaitzea, iruzur fiskalaren arazo osoaren kontra joan behar dela", nabarmendu du kideak.

Itzuliko ez dituzten beste berrogeita zazpi aulkiak pertsona publikoei eman dituzte, Bouffaronek kontatu duenez. Horiek mementoz gordeko dituztela gehitu du.

"Ingurumenaren alde bideratzen ahalko liratekeen miliarka euroak berreskuratzeko" ekimenaren antolatzaileek hainbat eskakizun egiten dizkiete botere publikoei. Alde batetik, zerbitzu fiskalen indartzea 10.000 lanpostu sortuz eta bestalde, bankuek gardentasunarekin lan egitea. Azkenik, bankuen iruzur fiskala zigortzea, beren ustez "isunak nahikoak ez direlako".