Goizeder TABERNA

Hitzetatik ekintzetara pasatzea galdegin diote hautetsiek frantses gobernuari

Urtarrilaren 9an izanen den presoen manifestaldia dela eta, frantses justizia ministroari bereziki zuzendu dira 180 hautetsi. Arlo horretan gobernuak legea bete dezan eskatu dute.

Lucien Betbederrek eta Sylviane Alaux-k orakurri dute deialdia. © Bob EDME
Lucien Betbederrek eta Sylviane Alaux-k orakurri dute deialdia. © Bob EDME

Sylviane Alaux diputatu sozialistak irakurri du urtarrilaren 9ko manifestaldira joateko hautetsien deia. Urtarrilaren 6an, testua izenpetu duten 180 hautetsien izenean, bere alderdia buru duen gobernu frantsesari zuzendu zaio, “bereziki” justizia ministro den Christiane Taubirari, “hitzetatik ekintzetara pasatzea” galdegiteko.

Joan den abuztuan ministroak euskal presoen hurbilketaz egin zituen adierazpenak gogoratu ondoren, dispertsioa alde batera uzteko galdegin dio diputatuak, familien intereserako eta oinarrizko eskubideen errespetuz. Horrez gain, legea jarraikiz zigorrak apaltzea eta larriki eri diren presoak askatzea da hautetsien eskaera.

“Frantses gobernuari, ETA talde armatuak armen uztea erabaki duenetik, Euskal Herrian ireki den agertoki berria kontutan hartzea eta bake prozesuan bere burua osoki engaiatzea” galdegiten dio testuak. Mezu hori hartzaileari helarazteko, “herritarrak, eragileak eta gure lurraldearen etorkizunarekin arduratua den oro” Baionako manifestaldira joatera gomitatu dute hautetsiek, Bake Bidean mugimendu herritarrak antolatu duen prentsaurrekoan.

Mementoko deialdiari lotu diren 180 ordezkari politikoen artean, bost parlamentari agertzen dira, denak sozialistak, Jean Lassalle zentrista izan ezik. Nahiz eta ez duen testua izenpetu, Jean-Jacques Lasserre senatariak (Modem) “bakearen aldeko iniziatibak sustengatzen” zituela adierazi duela zehaztu du Alice Leiziagezahar eskualdeko kontseilariak. Diputatuen artean, Paul Molac bretoina ere dago.

Kolore orotako

Sylviane Alaux-rekin batera deialdia euskaraz irakurri duen Lucien Betbederretaz gain, ipar Euskal Herriko 27 auzapezek eta 117 herriko kontseilarik sustengatu dute deialdia. Horiei gehitzen zaie Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualde osoko eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kolore orotako 28 kontseilari.

Alice Leiziagezahar eskualdeko kontseilari ekologistak larunbatean Baionan iragarria den mobilizazioren testuingurua oroitarazi du. Bereziki Aieteko konferentziaren (2011) ondotik, Parisen joan den ekainaren 11n izan zen bakerako konferentzia humanitarioaren aipamena egin du, orduan “presoen egoerari aterabide bat aurkitzeko beharra nabarmendua” izan baitzen.

“Egungo egoera ezin ulertuzkoa da”, azpimarratu du eskualdeko kontseilariak ; Lorentxa Guimon larriki eri den presoaren egoera aipatu du bereziki. Eta egoera horren aldatzea denen ardura dela ohartarazi du eta “noski hautetsiena ere bai”. Alabaina jendartearen zati handi baten arrengura dela erakustea garrantzitsua zaie.