Kazeta

Jean-Jacques Laserrek Lorentxa Guimonen askatasuna eskatu du

Jean-Jacques Lasserre Departamenduko Kontseiluko lehendakaria eta Pirinio-Atlantikoetako senatariak Lorentxa Guimon euskal presoaren askatasuna eskatu du. Angeluarra 2003az geroztik preso dago eta Crohn eritasuna sufritzen du. Lehen ministro frantsesari egoeraren berri emanen diola azaldu du.

 

Jean-Jacques Lasserre. (Gaizka IROZ)
Jean-Jacques Lasserre. (Gaizka IROZ)

Departamenduko Kontseiluko lehendakaria eta Pirinio-Atlantikoetako senataria den Jean-Jacques Lasserrek Lorentxa Guimon presoaren aldeko engaiamendua adierazi du. Hain zuzen ere, bera askatzeko beharra nabarmendu du eta Manuel Valls Lehen ministroari jakinaraziko diola iragarri du. Angeluarra 2003az geroztik preso dago eta 1991tik Crohn eritasuna sufritzen du. Iragan abenduaren 22an, Bagoazek "egoera larrian" dagoela azaldu zuen.

"Nire ikuspuntutik Lorentxa Guimon ez askatzea onartezina izanen litzateke", aitortu du Jean-Jacques Lasserrek. Senatariak bere sostengua azaldu die angeluarraren senideei eta, horrez gain, Euskal Herriko bake prozesuaren alde duen engaiamendua oroitarazi du. "Gaurkotasuna handia duen gaiaren" harira, euskal presoen hurbilketa "behar" bat iruditzen zaiola erran du.

Bagoazek euskal presoaren eritasunarentzat "tratamendurik ez" dagoela azaldu du. Abenduaren 14ean Guimon ospitaleratu zuten urgentziaz eta kolektiboak jakinarazi duenez abenduaren 29an berriz espetxera itzuli zen.

Oroitarazi behar da Lorentxa Guimonek baldintzapeko askatasuna iragan urteko martxoan eskatu zuela. Azaroaren 24ean Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna onartu zion, baina prokuradoreak segidan helegitea aurkeztu zuen. Horren inguruko erabakia urtarrilaren 14ean jakinaraziko dute.