Kazeta

Hiri elkargoa: lehen fasea gauzatua

Euskal Hedabideen sareak (KAZETA.EUS, Euskal Irratiak, Iparraldeko Hitza, Herria eta Kanaldude) hiri elkargo bakarraren lehen fasearen xehetasunak bildu ditu Eneritz Zabaleta juristarekin eta Battitta Boloki Hautetsien eta Garapen kontseiluetako zuzendariarekin. Herriko kontseiluen gehiengoak alde bozkatu ondoren, nolakoa izanen da erakunde berriaren egituraketa? Horrez gain, proposamen berriak eragin dituen kezkak aipatu dituzte; zergak eta bestelako aterabideak, besteak beste.

Prefetak Ipar Euskal Herriarentzat proposatu duen hiri elkargo bakarraren egiturak kezkak eragin ditu. Egitura berriak 158 herri elkargo bakar batean bateratuko lituzke. Fusio horrek 2017rako burutu beharko du. Epe motzak eragin dituen arranguretaz gain, zergek eta zerbitzuen gaiek ere jarrera kontrajarriak eragin dituzte.

Hiri elkargo bakarraren eraginez, Ipar Euskal Herriko herriek kontseilu bakar batean bildu beharko lukete. Horretan parte hartu beharko luketeen 232 ordezkarien biltzeko bi egitura aurreikusi dituzte: biltzarra eta komisio iraunkorra.

Biltzar horretan, herrien demografiaren arabera banatuko lirateke aulkiak. Kostaldeko herriek beren pisu demografikoa baino errepresentazio apalagoa izango luketela diote. Eneritz Zabaleta juristak azaldu duenez, Hautetsien kontseiluak egindako ikerketak desoreka hori komisio iraunkorraren sorrerarekin orekatu daiteke. "Komisioak eguneroko lana bideratuko du. Hautetsiek boterearen banaketan adostasuna lortu beharko dute", gehitu du.

Kezkak: abiadura eta zergak

Hiri elkargo bakarraren egiturak 2017rako martxan behar luke. Epeak anitzen kezka piztu du. Zuzenbideko irakasleak oroitarazi du Estatu frantsesean nahi eta nahi ez abiatu den prozesu bat dela eta horrek "gaur egungo paisaia aldatuko" duela. "Edozein egitura hautatuz gero, epe hori berdina izanen da", gehitu du. 

Halaber, zergak eta zerbitzuen arramoldatzeak ere arrangurak sortu ditu. Zalantza horiei erantzunak bilatzeko, Hautetsien kontseiluak sortu duen batzordeko 30 bat hautetsik lan egiten dute, Battitta Boloki Hautetsien eta Garapen kontseiluetako zuzendariak azaldu duenez. "Lehen etapa gaur egungo fiskalitatea zein den aztertzea da, eta bihar hiri elkargoa nola izanen den ondorioztatzea", esplikatu du.

Aterabide federatiboa

Oroitarazi behar da Euskal Kosta-Aturriko bost auzapezek egitura federatiboan oinarrituz aterabide bat bilatu nahi diotela prefetak egin duen proposamenari. Bolokiren iritziz, aterabide horrek sortzen duen gabezi garrantzitsuena eremuaren definizioa da. "Lurraldea hiru, lau edo bost eremutan banatuz gero, mugak nork finkatzen ditu?", gehitu du. Hautetsien kontseiluan beste aterabideak aztertzea eztabaidatu zen, baina ez zuten oniritzirik lortu.

Eneritz Zabaletaren ustez, egitura integratua eta federatua bereiztea ez da "egoki".  "Egitura bakarra egiteak ez du erran nahi dena Baionan erabakiko dela, dena hor zentratuko dela. Gakoa hautetsiek adostu behar duten proiektu politikoan dago", aipatu du.