Kazeta

Euskal Hedabideak

Ipar Euskal Herriko 158 herriek hiri elkargo bakarraren inguruko iritzia plazaratu ondoren, Euskal Hedabideen sareak (KAZETA.EUS, Euskal Irratiak, Iparraldeko Hitza, Herria eta Kanaldude) hemendik goiti gertatuko dena aztertu du. Eneritz Zabaleta juristak eta Battitta Boloki Hautetsien eta Garapen kontseiluetako zuzendariak otsaila arte zonbait lan taldek burutuko duten lana zein izanen den azaldu dute.

Eduki guzia abenduaren 18an argitaratu da KAZETA.EUSen.
Eduki guzia abenduaren 18an argitaratu da KAZETA.EUSen.

Hilabete hauetan herriko kontseiluek prefetak egindako proposamenaz duten iritzia emateko parada izan dute. 158 herrietatik 113 alde agertu dira eta 43 kontra, Ezterenzubiko herrian berdinketa agertu da. Horrek erran nahi du legeak eskatzen duen gehiengoa gainditua dela. Haatik, lehen bozketa horrek ez du legezko indarrik. Heldu den primaderan egituraren inguruko bozketa berri bat antolatuko da eta horrek balio juridikoa izango du.

Otsaila arte, lan talde anitzek orain arte sortutako zalantzak argitzeko lanean ari dira. Hain zuzen ere, abendutik otsailera CDCI departamendu mailako kontzertazio batzordeak prefetaren eskema berriz aztertuko du eta Hautetsien eta Garapen kontseiluko zuzendaria den Battitta Bolokik azaldu duenez, "edozein aldaketa inposatzen ahal diote" prefetari. Hala ere, horretarako taldea osatzen duten hiru hautetsietatik bik moldaketa sostengatu beharko dute.

Hautetsien kontseiluari dagokionez, eskumenen eta fiskalitatearen inguruan ikerketak abiatu dituzte, besteak beste. "Herri elkargo bakarrak araudi batzuk izanen ditu eta horiek idatzi behar dira; talde horien helburua hori da", gehitu du. Erakundeak otsailerako dokumentua atera beharko luke hautetsien esku ezartzeko xedearekin. "Bozkatu aitzin, gako guziak eskutan izan behar ditugu", azaldu du Bolokik.

Oroitarazi behar da nahiz eta hautetsien gehiengoak aldeko jarrera azaldu duen, Euskal Kosta-Aturriko bost auzapezek aterabide bat bilatzeko helburuarekin ikerketa bat abiatu dutela. Eneritz Zabaleta juristaren iritziz, "demografikoki eta gehiengo kopurua lortzen bada, proiektuak zilegitasun osoa izanen du". "Bat egitea erabakitzen bada, denek elgarrekin egin beharko dute", aipatu du.