Iurre BIDEGAIN

Eskola berri bat idekiko dute Baiona Tipian

Herriko Etxeak aterabide bat atzeman du Bonnat Museoak Baiona Tipiko lehen mailako eskolan eginen dituen handitze lanei: eskola berri bat idekiko dute Medikoak peñaren eraikinean.

Eskola berria Medikoak peñaren eraikinean sortuko dute. ©Isabelle Miquelestorena
Eskola berria Medikoak peñaren eraikinean sortuko dute. ©Isabelle Miquelestorena

Baiona Tipiko lehen mailako eskolako burasoek 2017ko ikasturte hasieran eskola hetsiko dutela jakin zuten iragan den uztailean. Hain zuzen ere, ikastetxea Bonnat Museoa handitzeko erabiliko dute. Herriko Etxeak aterabide bat lortu du: eskola berri baten idekitzea Baiona Tipian, Medikoak peñaren eraikinean (Ravignan karrikan). Gisa horretan, hezkuntza eta kulturaren aldeko politika ziurtatuko luke.

Bonnat Museoaren obrak 2019ko bukatuko lituzkete. Herriko Etxeak azaldu duenez, proiektua bi elementuen sorreran oinarritzen da: alde batetik, museoan erreserbak sortzea, obrak bertan gorde ahal izateko, eta bestalde, espazio berrien sorrera museoak dituen beharrei erantzun ahal izateko; harrera salak eta publikoaren arartekotasuna ziurtatzeko gelak, besteak beste. Horretarako, proiektuak Baiona Tipiko lehen mailako eskolaren espazioa beharko luke.

Iragan den uztailaren 4an, Herriko Etxea eskolako burasoen ordezkariekin bildu zen aterabideak lortzeko xedez. Hilabeteak iraun dituen hausnarketaren ondotik, irailaren 30ean Herriko Etxeak aukera guziak aurkeztu zizkien. Horien artean, haurren lekualdatzea Baiona Handiko eskolara.

Azkenean, Medikoak peña kokatzen den eraikinean Baiona Tipiko eskola berria eraikitzea erabaki du Herriko Etxeak. Ikastetxea 50-55 metro karratuko hiru gela, irakasleen gela, liburutegi bat, eskolaldi inguruko gela bat eta aisialdirako espazioaz osatua izanen da. Laurent Loustalot Baiona Tipiko eskolako burasoa proiektua egokia iruditzen zaiela aipatu du France Bleu irratian.

1,3 miloi euroko kostua

Etorkizunean idekiko den lehen mailako eskola haur hezkuntzako eskolatik hurbil dagoenez, Herriko Etxeak bigarren inbestimendu bat egitea erabaki du. Lotura autobusak gordetzen dituen lokala kantina eraikitzeko erabiliko dute; 140 metro karratuko espazioa da. Gainera, egin beharreko obrak baliatuko lituzkete lehen mailako eskolak behar dituen arramoldatze lanak burutzeko; aterpea eta irakasleen gela.

Medikoak gunearen eta bateratua izanen den kantinaren kostua 1,3 milioi eurokoa da. Herriko Etxeak azaldu duenez, Medikoak gunean instalatu baino lehen eta museoaren obrak hasiko diren tartean, ikasleak egoitza modularretan egonen dira. Komunikabideak azaldu du haurrak tarte horretan honelako egoitzetan egon behar izanaz damutzen direla burasoak.