Gari Mujika Zubiarrain

EH Baik eskualdeko hauteskundeetan zuri bozkatzea eskatu du

Abenduaren 6 eta 13an iraganen diren eskualdeko hauteskundeei begira, EHBaik boto zuria eskatuko duela azaldu du. Bere iritziz, lehentasuna eta bidea Ipar Euskal Herriarentzat aitortza instituzionala lortzea da.

Anita Lopepek eta Juliette Bergouignanek bozeramaile gisa alderdiaren hautua azaldu dute . ©Isabelle Miquelestorena
Anita Lopepek eta Juliette Bergouignanek bozeramaile gisa alderdiaren hautua azaldu dute . ©Isabelle Miquelestorena

Mugimendu abertzaleko dozena bat kidek abendu hasieran burutuko diren erregio hauteskundeetan, lehen aldiz, Akitania-Poitou-Charente-Limousin barruti berrian eginen direnetan, "protesta botoa eta boto eraginkorra" boto zuria izango dela esan dute gaur Baionan. "Benetako erronka" Ipar Euskal Herria erakundetzean ikusten dute.

Anita Lopepe eta Juliette Bergouignan bozeramaile lanetan direla, "agortutzat jo" dute EHBaiko kideek erregioarekin orain arte indarrean izan den bidea, lurralde kontratuaren bidez eta hitzarmen berezien bidez Ipar Euskal Herriarentzat proiektu berezituak aurrera eramatea ahalbidetzen duena.

Larunbat honetan sinatuko den hirugarren Lurralde Kontratuarekin gertatua argigarria da EHBaikoentzat: "ez du euskararentzat diru funts berezirik ekarriko; Erregioak argi esan du negoziaketa horietan: aski da, zuen berezitasuna aseta dago" salatu zuen irmo Bergouignanek.

"Aitortza instituzionalaren" beharra

Erregio mapa berrian Ipar Euskal Herria "erabat urturik" geratuko dela esan du Anita Lopepek ondotik, eta Parisek "deszentralizazio" esaten diona "berzentralizazioa" dela Euskal Herriarentzat, "lehen bertan ziren eskuduntzak orain Bordelen" direlako. Horrek Euskal Herria eta bere garapena "lehentasunetatik ezabatzea" dakarrela argi dute abertzaleek, indarra Erregioko hirigune nagusietan jarriko delako arduradun politikoek.

Txosten ofizialek eta herritarren gehiengoak aurka eginagatik PSFk agintea duen Akitaniako eskualdeak AHTa bultzatzen jarraitzeak ere balizko euskal ordezkaritzak han egin dezakeen lobby lanaren uztarekin uzkur eta ezkor uzten ditu EHBaikoak. "Benetako erronka beste bat" dela sinetsita daude: lurraldearen beharrei erantzuteko "giltza" Ipar Euskal Herriarentzat "aitortza instituzionala" lortzea da. Bide hori indartzeko tresna ikusten dute abenduko erregionaletan boto zuria ematea.