Iurre BIDEGAIN

Dispertsioaren kontra, monozikloz Euskal Herriko hiriburuetara

Jon Lekuonak eta Beñat Otegik euskal presoen sakabanaketa salatzeko xedez Euskal Herriko hiriburuetara monozikloz ailegatzeko ekimena abiatu dute. Urriaren 4an Maulera ailegatu ziren eta azaroan Baionara joan nahiko lukete.

2013an Jon Lekuonak monoziklo bat hartu zuen eta Iruñera abiatu zen. Helburua? "Euskal presoen eta beren familiek bizitzen duten egoera salatzea. Bidean sentitzen den sufrimendua irudikatzea", ordiziarrak azaldu duenez. Geroztik Beñat Otegirekin batera, Gasteizera, Bilbora edo Donostiara bidaiatu dute. Urriaren 3an Donibane Garazi zeharkatu ondoren, kirolariak Maulera iritsi ziren.

"Sakabanaketa hurbiletik sufritzen dugun politika da", azaldu du Lekuonak. Euskal Herriko hiriburuetara ailegatzeko monozikloa erabili dute, "errazena autoz edo bizikletez joatea izanen zelako". "Kostatzen den zerbait da eta atentzio gehiago erakartzen du. Euskal Herriko hiriburuak eta kirola lotu nahi genituen", azaldu du.

Iruñera egindako lehen bidaia bakarrik egin zuen, baina geroztik Beñat Otegi Lekuonaren bidai laguna bilakatu da. "Norbaitekin joatea asko laguntzen dizu. Aurreratzeko indarrak ematen dizkizu, baita erritmoa apaltzeko aholkuak ere", esplikatu du.

144 kilometro monozikloz

Urriaren 3an Ordiziatik 03.00etan atera ondoren, 20.00etan Donibane Garazira ailegatu ziren. Maulera 05.30ak inguru ailegatzeko, bikoteak 144 kilometro egin ditu. "Pentsatzen genuen baino dezente gogorragoa izan da. Pazientzia behar da, baina garrantzitsuena burua ez makurtzea da; erresistentzia mentala", aipatu du Lekuonak. Ipar Euskal Herriko paisaiek asko lagundu dutela erran du, baina "maldak igotzea gogorrena" izan dela azaldu du.

Nahiz eta Maulen ez dieten "harrera berezirik" egin, Lekuonak bidean zehar jendea "harritua egon dela" kontatu du. "Askok ekimenaren zergatiak galdetu dizkigute. Bidean informazio hori ematea garrantzitsua da", gehitu du.

Mauleko etapa "ahaztu" eta "gorputza errekuperatu" ondoren, hemendik bi edo hiru hilabetera Baionara monozikloz joateko xedea dutela aipatu du. "Indarrak berritu behar ditugu, baina azaroan Lapurdiko hiriburura joan nahiko genuke. Geratzen zaigun bakarra da", esplikatu du Jon Lekuonak.