Kazeta

Bizik BNP Paribas bankuko hamabi aulki bahitu ditu Parisen

Ingurumenaren aldeko justizia lortzeko xedez, Bizik beste ekintza bat burutu du Parisen. BNP Paribas bankura sartu eta bertako hamabi aulki bahitu ditu urriaren 1ean. Mugimenduaren helburua 196 aulki lortzea da; COP 21 ekimenean errepresentatuak diren herrialde kopurua.

Bizik 196 aulki lortu nahi ditu. ©Attac France
Bizik 196 aulki lortu nahi ditu. ©Attac France

Ipar Euskal Herrian sortu ondoren, Bizi taldearen ekintzak Estatu frantsesa osoan garatu dira. Azkena, urriaren 1ean iragan da. Bizik, BNP Paribas bankura sartu eta, hamabi aulki bahitu ditu, "ingurumenaren eta gizartearen aldeko justizia" lortzeko xedez.

Bizik azaldu duenez, bere helburua 196 aulki lortzea da; hau da, COP 21 ekimenean errepresentatuak diren herrialde kopurua. Ingurumenaren inguruko hitzaldia azaroaren 30etik abenduaren 11ra iraganen da Parisen.

Estatu frantseseko hainbat eragilek BNP Paribas bankuan burututako ekintzarekiko sostengua erakutsi dute: Edgar Morin filosofoak, Claude Alphandéry ekonomistak, Alain Caillé soziologoak, Alternatiba Ekonomikoen erredaktore burua den Guillaume Duvalek edota Greenpeace erakundeak.

Oroitu behar da, iragan den otsailean, Bizik Baionako HSBC bankuko zortzi aulki bahitu zituela. Ekintza honekin, zerga ihesak salatu nahi izan zituen. Horren ondorioz, poliziak ikerketa bat ireki eta Biziko Barth, Jon, Mattin, Nicole, Txetx, Sabrina eta Yannick komisaldegira deitu zituen.