Justine GIRAUDEL

Elikagai Bankua tokiz aldatuko da

Euskal Kosta Aturri herri elkargoko azken kontseiluan, hautetsiek Elikagai Bankuari zuzendutako lur baten erosketa onartu zuten. Gisa horretan, zerbitzuaren aktibitateak eremu bakar batean bateratuko ditu.

2016ko hasieran egoitza berrian izatea espero dute. - © Bob Edme
2016ko hasieran egoitza berrian izatea espero dute. - © Bob Edme

Elikagai Bankuko lehendakaria den François Ribetonek zoriontasunez hartu du Euskal Kosta Aturri herri elkargoko hautetsien erabakia. Hain zuzen ere, San Frederic auzoan kokatua den egoitza bat erosiko dute. Horren eraginez, gaur egun arte bi eremutan egiten zuen aktibitatea toki bakar batean bateratzeko parada izanen du Elikagai Bankuak.

"Gure janari saltegia San Bernard kaian kokatzen da eta Aturri bidean dagoen egoitza produktu freskoen eguneroko bilketaz arduratzen da", argitu du lehendakariak. Aktibitateak teilatu beraren azpian elkartuz, "ezantza eta batez ere, denbora" aurreztuko dituztela uste du Ribetonek. Gainera, euskal kostaldea eta barnekaldea kubritzeko, egoitza berriaren kokapena ideala iruditzen zaio. 

Gaur egun, 31 elkartek egiten duten banaketari esker edo janari saltegitik pasatzen diren partikularren bidez,  5.000 pertsonen beharrak asetzen ditu. "Pentsatzen dut 2016ko lehen hiruhilekoan egoitza berrira sartzen ahalko garela", espero du.

Udan guttiago

Uda baino lehen, Elikagai Bankuko onuradun kopurua emendatu zen eta 5.300 pertsonera ailegatu. Alidz, "pertsona guttiago etorri da guregana uda honetan, behar bada sasoiko lanak atzeman dituztelako. Baina berriz igo da: 5.000 pertsonen elikadura beharrei erantzuten diegu", gehitu du.

Heldu den urriaren 1an, Elikagai Bankuko Federazioak, janari bilketarako egun nazionala antolatuko du. Horren karietara, laguntzaileei parte hartzeko deia luzatu diete. Hain zuzen ere, sailkapenerako edo banaketarako pertsonak behar dituzte.