Goizeder TABERNA

Presoen hurbilketa frantses Justizia ministeritzan aipatu dute

Uda honetan, Euskal presoen ordezkariak Christiane Taubira Justizia ministroaren kabineteko zuzendariarekin elkartu direla hedatu du AFP prentsa agentziak.

Irailaren 2an, Christiane Taubira Justizia ministro espainiarrarekin elkartuko da Parisen.
Irailaren 2an, Christiane Taubira Justizia ministro espainiarrarekin elkartuko da Parisen.

Justizia ministro frantsesaren kabinete zuzendaria euskal presoen ordezkariekin elkartu dela hedatu du AFP frantses agentziak. Colette Capdevielle diputatuak baieztatu duenez, uztailaren 8an izan zen bilkura. Christian Taubira ministroa kasuan kasu aztertutako presoen hurbilketaren aldekoa dela gehitu du diputatuak. Azken urteetan ezaguna zen ministroaren jarrera hori.

Espainiar prentsan agertu dira topaketari buruzko lehen informazioak abuztu erdian eta frantses agentziak zehaztapenak ekarri ditu. Ministeritzaren bozeramaile ordeak, Olivier Pedro-Josék, honakoa adierazi dio: "Orainokoan ez da neholako engaiamendurik hartu, ez bada Frantzian diren euskal presoen hurbilketarako egoera bakoitza aztertzeko borondatea, eta hori arrazoin humanitarioengatik".

Espainiar eta frantziar Estatuetako ministroak elkartu baino egun batzuk lehenago argitaratu dituzte informazio horiek. Alabaina, irailaren 2an, Rafael Catala Polok eta Christiane Taubirak bilkura egitekoa dute Parisen.