Kazeta

Berriz Ortzaizen da polizia

Ortzaizeko Grazi Etxebehere atxilotu eta bere etxea miatu dute poliziek, uztailaren 9an. Iritsi direnean jabea ez zen hor, baina horren berri ukan bezain fite etxerako bidea hartu. Arribatu eta ordu bat berantago, poliziak berekin eraman du.

Grazi Etxebehere bere etxea miatu ondoren ereman du poliziak. © Bob EDME
Grazi Etxebehere bere etxea miatu ondoren ereman du poliziak. © Bob EDME

Uztailaren 7an abiatu den polizia operazioaren harira, Ortzaizeko Grazi Etxebehere atxilotu eta bere etxea miatu du poliziak ostegun huntan, uztailaren 9an. "Lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat [...] ez batere dolu" erran du Grazi Etxebehererek Euskal Irratien mikroan.

Esplikatu duenez, bere etxean omen ziren Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea, herenegun atxilotuakoak, eta San Ferminetara joan behar zuenez, Jef Mateo eta Terexa Lekunberri lagunei eskatu omen zien bere etxean hartzeko. Haiek askatzeko eskatu du, ardura bere gain hartuta.

Goizean goiz, 07.00ak aldera, polizia Ortzaizera ailegatu da eta miaketa hasi dute. Grazi Etxebehere, etxeko jabea, bertan ez zegoenez herriko auzapezaren presentziarekin operazioa burutu dute. Poliziek bidea moztu dute eta kazetari frango bildu dira.

Miaketaren berri ukan bezain fite Iruñetik etxerako bidea hartu du eta goizeko hamarrak aldera heldu da Ortzaizerat, xuri eta gorriz jantzia. Bere etxe ondoan osatu den elkarretaratzera joan da. Hasiera batean, poliziek ez dute bere etxera joaten utzi, baina ordu bat berantago hara joatea galdegin diote. Tentsio mementoak izan dira eta "Aupa Grazi" oihuak entzun dira orduan. Azkenean, komisaldegira eramana izan da.

Ondotik, sostengua emaiteko hurbildu direnak Grazi Etxebehereren etxera joan dira. Barnera sartu diren lekukotasunen arabera, lehen solairuan "dena hankaz gora" jarri lukete eta "dena beltza" litaike. Hatzak aurkitzeko produktuaren eraginez izanen litzateke.

Estatu espainiarraren Barne Ministeritzak Etxebehereren etxean bi arma atzeman lituzketeela adierazi du. Halaber, goizean, Barne Ministro espainiarra den Jorge Fernandez Diaz eta Bernard Cazeneuve Luxenburgon elkartu dira burututako operazioa aipatzeko.

Elkarretaratzeak mantenduak

Gogoratu behar da uztailaren 8an 800 bat pertsonek operazioa salatu zutela. Elkarretaratzeak ostiral arte mantenduko dituzte eta heldu den larunbatean prentsaurreko bat eskainiko dute Ortzaizen.