Kazeta

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kanboko ikastolari emandako dirua berreskuratu beharko du

2013. urtean Martin Garitano buru den Gipuzkoako Foru Aldundiak Kanboko ikastolari 600.000 euroko diru laguntza emaitea onartu zuen. EAEko Justizia Entzutegi Nagusiak laguntza hori ezeztatu berri duela eta Xalbador ikastolari emandako dirua itzultzea eskatu du.

Kanboko egoitza berriaren inaugurazioa. Argazkia Gaizka IROZ.
Kanboko egoitza berriaren inaugurazioa. Argazkia Gaizka IROZ.

2013. urteko apirilaren 23an, Martin Garitano buru den Gipuzkoako Foru Aldundiak Kanbon kokatua den Xalbador ikastolari 600.000 euroko diru laguntza emaitea onartu zuen. Hain zuzen ere, laguntza 2013, 2014 eta 2015ean eman beharko zuen; urtero 200.000 euro. Onartutako akordioa ikastola berritzeko lanetara zuzendua zen.

EAEko Justizia Entzutegi Nagusiak Lapurdiko ikastolaren diru laguntza ezeztatu du eta horretaz gain, Xalbador ikastolari emandako dirua itzultzea eskatu du.

Entzutegiak, Estatu espainiarraren Abokatutzak aurkeztutako helegitea onartu du. Hain zuzen ere, Carlos Urquijok, Estatuko ordezkariak auzitegirat jo zuen diru laguntza baliogabetzeko, erakundearen "konpetentzien eta Gipuzkoa eta ikastolaren arteko lotura ezagatik". Sententzia sendoa da eta ezin izanen da helegiterik aurkeztu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean segituko duela iragarri dute, "euskararen lurraldean hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta determinazio horrekin segiko du eragileekin lankidetzan". Modu berdinean, "ikastolen mugimendua babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi" dute.

Zigor Etxeburua Euskara zuzendariaren iritziz, “Gobernu honi zilegitasuna ez dio Espainiako estatuko aparatuek ematen herriak baizik. Hizkuntzaren normalizazioa benetakoa izateko, euskararen lurralde osoan aplikatu behar da. Argi dago egungo marko juridiko eta politikoek traba egiten diotela normalizazioari. Espainiako eta Frantziako estatuek ez digute erraztasunik ematen. Horregatik, euskararen normalizazioa nahi badugu geure marko burujabea behar dugu: independentziara bidea egin behar dugu”.

Seaskaren iritzia

Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak adierazi du, urte hauetan "Xalbador proiektua aurrera joan" dela. "Guk legea beti bete dugu eta aterabide bat atxemanen beharko dugu Diputazioa eta Jaularitzarekin", zehaztu du.

"Politena da nola bi prefetek bat egiten duten euskara erasotzeko. Irakurketa politikoen gainetik, euskararen kontrako eraso hutsa da", gehitu du Seaskako zuzendariak.