Ez du helegiterik aurkeztuko Etxarri kolektiboak

Etxarriko gazteluaren salmenta zilegitzat jo zuen justiziak uda honetan. Prozedura judiziala amaitutzat eman du kolektiboak.

Kazeta|2017/09/19 12:10
Guz_etxarri_integristes_bobedme111
Etxarriko AFMR zentroko salmentaren salaketa. ©Bob EDME

Etxarriko gazteluaren kontrako salmenta salatzeko sortu zen kolektiboak helegiterik ez aurkeztea erabaki du. Hain zuzen, justiziak salmenta legezkoa zela ebatzi ondoren, prozedura judiziala amaitutzat ematea erabaki du taldeak.

Baionako epaitegiak Etxarriko gazteluaren salmenta zilegi dela ebatzi zuen uztailaren 13an. Hori dela eta, AFMR eraikinaren jabearen baita Saint Michel Garicoïts eskolaren gastuak ere ordaintzea kondenatu zuten kolektiboa. Haatik, finkatutako helburuetariko batzuk lortu dituela dio taldeak.

Hain zuzen, salmentari "argitasuna" ematea zen bere xedea. "Ikuspegi horretatik irabazi dugu Euskal Herrian herritarrek dakite zein baldintzetan saldua izan den Etxarriko gaztelua", erantsi du. Eraikinak, historikoki, zituen helburuak partekatzen ez dituen erakunde bati saldua izan dela uste du taldeak.

Plazaratu zuen erabakian, justiziak baieztatu zuen salmenta gauzatu zenean irregulartasunak izan zirela. Hala ere, ez dira nahikoak salmenta bertan behera uzteko. Kolektiboaren aburuz, afera politikoa da. Salmentaren prozeduran "isiltasuna, gardentasun eza eta gaizkidetasuna" nagusitu zela deitoratu du erakundeak.