Etxarriko gazteluaren salmenta zilegi justiziaren arabera

Uztailaren 13an, Etxarriko gazteluaren salmenta ez zela ilegala ebatzi dute Baionako magistratuek. Saint-Michel Garicoits eskola integrista tokiaren jabe egoten da oraingoz.

Xan Idiart|13/07/2017 17:09
Guz_rassemblement_st_palais_8494
Etxarriko gazteluaren salmenta ez dela ilegala dio justiziak..©Aurore Lucas

Ezustekoa izan da aurkakoentzat. Saint-Michel Garicoits eskolari egindako Etxarriko gazteluaren salmenta zilegi zela ebatzi dute Baionako magistratuek, nahiz eta prozeduran akatsak nabarmendu.
“Erabakia guztiz ulertezina da” azaldu du Anne-Marie Mendibourrek, salmentaren kontra dauden Etxarri kolektiboa eta Axuria kooperatibaren abokatua denak.

Izan ere, salmenta gauzatu zenean irregulartasunak izan zirela salatu zuten bi talde horiek. Oroitarazi behar da Etxarriko gazteluaren jabe ohia AFMR zela, edo Euskal Herriko laborantzarako zentroa. Elkarte horren lehendakaria Barthélémy Aguerre zen. Azken honek ordea, elkarteko kide guztiak bildu behar zituen salmenta bozkatu zen 2016ko uztailaren 25ean, baina ez zuen aintzat egin, eta hamar bat kidek baizik ez zuten bozkan parte hartu.

“Normalki, kide batek ez bozkatzea aski izan beharko litzateke salmenta bertan behera uzteko” erran du Anne-Marie Mendibourrek. Magistratuen erabakiarekin biziki nahigabetuak dira beraz, justiziak haien alde joko zuelakoan baitziren. Esperantza hori uxatu zaie egun.

Borrokaz harro

Hala eta guztiz ere eramandako borrokarekin “harro” direla ziurtatu du Etxarri kolektiboko kidea den Isabelle Urcun Marcok. “Erakutsi dugu politikariek ezin zutela egin nahi zutena arazorik ukan gabe”. Hots, Barthélémy Aguerren azpikeriaz oraindik konbentzituta daudela erantsi du.

“Fronte nazionalarekin harremanak dituen eskolarik ez dugu nahi Euskal Herrian”. Hori da hain zuzen ere, Etxarri kolektiboaren leloetako bat. Isabelle Urcun Marcok gehitu duenez, helegitea jarri dezakete oraindik aurkakoek, baina lehenik denen artean adostu behar dute erabaki hori hartzen duten edo ez.