Auzi zibilen auzitegia Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketaz arduratuko da

APHP Pariseko Ospitaleak Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketa aurkeztu ondoren, epaileek erabaki dute Baionako epaitegia ez dela auziaz arduratuko. Felipe Aramendi gazteen abokatuak azaldu duenez, afera bere esku hartuko du Auzi zibilen auzitegiak.

Iurre BIDEGAIN|2017/06/13 10:10
Gar_sisko_gaztextea_ouverture_hendaia_imiquelestorena09
Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala iruditan.

Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako auzia maiatzaren 3an iragan zen Baionako epaitegian. Kasua aztertu ondoren, epaileek beren deliberoa jakinarazi diote Felipe Aramendi gazteen abokatuari ekainaren 12an. Hain zuzen, Aramendik eskatu bezala, Auzi zibilen auzitegia prozeduraz arduratuko da.

Gazte hendaiarren abokatuak defentsaren argumentazioan prozedura mailako akats bat gaineratu zuen. Hain zuzen, bere aburuz, kasua ezin da Baionako epaitegian aztertu. Bere erranetan, "instantzia epaitegiak horrelako galderak onartzen ahal ditu frogatzen bada legez kanpoko okupazioa bizitzeko egiten dela".

"Guk frogatu dugu okupazioa ez dela egin bizitzeko, baizik eta elkarteak hainbat ekimen antolatu ahal izateko. Hor ez da nehor bizi. Galdera ezin da epaitegi horretan egin, baizik eta auzi zibilen auzitegian", aipatu zuen auzia iragan baino lehen.

Epaileak alde hori kontutan hartu du eta txostena Auzi zibilen auzitegiari pasa dio. Abokatuak aipatu duenez, salaketa jarri duen erakundeak hamabost eguneko epea du erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko. "Kasua Auzi zibilen auzitegira ailegatzen bada prozesuak berriz hasi beharko du", ohartarazi du.

Oroitarazi behar da gazteek duela urte bat, ekainaren 11n, Orio auzoko etxe abandonatu bat okupatzea erabaki zutela. Geroztik egoitza berritzeko lanetan murgildu dira eta hainbat animazio antolatu dituzte.