Iurre BIDEGAIN

Hendaiako gazteek etxe bat okupatu dute gaztetxea eraikitzeko

Hendaiako gazteek etxe huts bat okupatzen dute ekainaren 11z geroztik. Proiektu autogestionatu bat eraikitzeko xedez Hendaitz Gazte asanblada lanean dabil Itsas erietxearena den eraikina berriz moldatzeko.

Hendaiako gazteek Itsas erietxearen eraikin bat okupatu dute. ©Hendaitz Gazte asanblada
Hendaiako gazteek Itsas erietxearen eraikin bat okupatu dute. ©Hendaitz Gazte asanblada

Bada hiru urte Hendaiako gazte asanblada lanean ari dela gaztetxe bat lortzeko. Herriko Etxearekin hainbat bilkura burutu ondoren, "gauzak aldatu ez" direla uste du Hendaitz Gazte asanbladak. Egoerari aterabide bat atzemateko xedez, Itsas ospitalearena den eraikin bat okupatu du ekainaren 11z geroztik.

Bada urteak gazte hendaiarrek gaztetxearen aldeko kanpaina egiten ari direla. Azken hilabete hauetan hainbat elkarretaratze burutu dituzte Herriko Etxeari gazteak elkar ezagutzeko toki bat aldarrikatzeko. Hendaitz Gazte asanbladak azaldu duenez, gaztetxea "ez da helburu bat", baizik eta "xedeetara heltzeko erabiliko duten tresna bat". Hots, gazteak elkar ezagutu, eztabaidatu eta alternatibaren ildotik proposamenak egin.

Okupatu duten eraikina Itsas ospitalearena da, hain zuzen, "Hopitaux de Paris" deitu egiturarena. Asanbladak azaldu duenez, bada urteak hutsik dagoela. Jatorrizko jabeak erietxeari eskaini zion gaixoen familiek toki bat izan dezaten, taldeak kontatu dutenez. "Funtzio sozial bat izan behar zuen, baina abandonatu dute. Etxe hori interesgarria iruditu zaigu sozial ildo horri jarraipen bat eman nahi diogulako gaztetxea bertan eraikiz", erantsi du.

Okupazioa burutu dutenetik, erietxearen zuzendaritzarekin harremanetan jarri da; bi ordezkari gunera hurbildu dira. Gisa berean, Herriko Etxeko hautetsi batek ere gaztetxea bisitatu du. Asanbladak Herriko Etxearekin harremana mantendu nahi duela nabarmendu du. "Negoziatzeko eta hitz egiteko prest gaude. Ez dugu nahi harremana moztu", azpimarratu du taldeak.

Elkartasunaren ildotik, elkarlanean

Eraikinari itxura berri bat emateko, gazteak talde anitzetan banatu dira. Kanpoko eta barneko eremuaz arduratzen direnetaz gain, komunikazioa eta egitaraua lantzen duten kideak ere lanean ari dira. "Denak batera aritzen gara. Bakoitzak bere zeregina du, baina elkartasunaren izpiritua nagusi da", erantsi du.

Orain arte egindakoan jende anitzek beren laguntza eskaini dute; "zahar, zein gazteek". Halaber, asanbladak auzoko herritarrengandik jaso duten sostengua nabarmendu du. "Pozik agertu dira urteetan hutsik egon den etxea okupatua izan delako. Gainera, kontent dira gazteei zuzendu espazio bat izanen delako", aipatu du.

Aste honetan egunero ekimenak prestatuko dituela erantsi du; horien artean ikastaroak, eztabaidak eta mintzaldiak. Ekainaren 13ko gauean bertso afari bat antolatuko du Ortzi Murua, Maddi Anne Txoperena eta Aitor Servier bertsoekin.

Orain arte gazteek ez dute gaztetxearen izena erabaki. Asanbladak esplikatu duenez, "mementoz, gaztetxea denek elkarrekin eraikitzen ari dira eta hori da lehentasuna".