Hegazti gripea: elkarretaratze 'masiboa' apirilaren 21ean Domintxinen

Laborantza Ministeritzak Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldeetako kabalak hiltzeko xedearekin segitzen du. Orain arteko eztabaidek ez dute fruiturik ekarri. ELB sindikatuak mobilizazio berri bat antolatu du ostiralerako Domintxineko plazan.

Kazeta|2017/04/20 16:25
Ber_grippe_aviaire_service_sanitaire_berho_domezain_imiquelestorena20
Domintxineko etxaldean mobilizatu zen iragan astean ELB sindikatua.

Iragan astean herritarren mobilizazioari esker, Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru etxaldeetan hegaztiak hiltzea oztopatu zuten. Geroztik, solasaldiak izan dituzte prefekturarekin. Gisa berean, bi bilkura antolatu dituzte Pauen "kabale sanoen hiltzea egin ez dadin". Alde bakoitzak bere jarrera mantentzen du. ELB sindikatuak mobilizazio berri bat antolatu du apirilaren 21erako 10.30etan Domintxineko plazan. Horrez gain, izenpetura bilketa bat abiatu du Interneten.

Hunkituak diren hiru etxaldeetako hazleak, baita ELB sindikatuko ordezkari bat ere, Laborantza Ministeritzako ordezkari batekin hitz egin zuten "bideokonferentzia" bidez apirilaren 19an. Panpi Saint-Marie sindikalistaren erranetan, bilkura "gaizki pasa" zen.

Hain zuzen, Ministeritzak "betiko jarrera ezkorra" mantentzen duela deitoratu du. "Proposatu dugun aterabidea errefusatu du eta kabale horiek desagertaraziko dituela erran dauku", erantsi du. Hori dela eta, zain egon behar dela nabarmendu du, kabalen hilketa "noiznahi gertatzen ahal baita".

Ostirala baino lehen deus gertatzen ez bada, "mobilizazio masiboa" prestatu du sindikatuak. "Laborari kontsumitzaile, herritar, hautetsi eta denen sostengua galdegiten dugu", aipatu du agiri batean.

Protesta ondoren, arroltze moleta eta ahate errekiak jateko parada eskainiko du. "Sostengua erakutsiko diegu hiru etxaldeei eta kalitatezko laborantzaren zaintzeari. Denak Domintxinerat ostiral goizean! Kabale sanoak bizirik! Zentzugabekeriari aski!".