Hegazti gripea : abere hilketarik ez da izan azkenean

Elgarretaratzeak izan dira hiru hazkuntzatan, ostiral goiz honetan, departamenduko zerbitzuek hegazti gripea oztopatzeko abereak hil behar zituztelako bertan. Azkenean ez da halakorik gertatu.

Kazeta|2017/04/14 15:59|0 iruzkin
Ber_grippe_aviaire_service_sanitaire_berho_domezain_imiquelestorena05
Departamenduko zerbitzuei pasaia trabatu diete manifestariek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Joan den asteazkenetik ahate eta oilo hazleak adi dira. Departamenduko zerbitzuek Baxe Nafarroko eta Xiberoko hiru etxaldetako abereak hiltzeko asmoa zutela iragarri zuten, hegazti gripea oztopatzeko. Ostiral goiz honetan egitekoa zuten, baina ez da hala izan. Etxalde inguruan, hegaztien hilketa eragozteko elgarretaratzeak antolatuak ziren memento berean.

Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko hiru hazleren lantokietan bildu dira manifestariak, goizean goiz. Ehun pertsonatik goiti bakoitzean, tartean hautetsiak. "Biztanleen babeserako departamenduko zuzendaria bi jendarmerekin sartu da", kontatu du Panpi Sainte-Marie ELBko ordezkariak Domintxineko etxaldearen atarian. Ahateak eraikinen barnean zirenez begiratu du, baina ez du abereak hiltzea agindu. Antolatutako mobilizazioaren ondorioa dela pentsatzen du sindikalistak.

Lorpena, haatik, gaurkoa da, baina ez baitezpada behin betikoa, Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez baitu xedez aldatu. Ez dio izurriteari hedatzeko tarte miko bat ere utzi nahi. "Nahiz eta etxalde horietako hegaztiak osansuntsu diren, ez dakigu zer iraganen den etorkizunean", azaltzen dute prefeturako zerbitzuek.

Prokuradoreari

Ipar Euskal Herrian eta Biarnoan, orotara, 320 herritako abereek jasan dituzte prebentzio neurriak. Dispositiboa eteteak ondorioak izango lituzkeela diote agintariek. Nahiz eta ez duten abererik hil, jendarmeek gertakariak jaso dituzte eta Barkoxeren kasuan prokuradoreari igorri diote informazioa.

Aste honetan zehar, afera horrek eztabaida sortu du. Hautetsi franko ziren ELBk antolatutako ekimenetan eta izan Eskualdeko eta Departamenduko kontseilariek zein parlamentariek Estatuari haien desadostasuna jakinarazi diote. Ostegunean, Pauen izan den osoko saioan ere aipatu zen gaia.