Urruñako ezkontza onartu du auzitegiak

Odile de Coral Urruñako auzapezak bi pertsonen arteko ezkontzeko nahia susmagarritzat jo ondoren, legearen urraketarik ez zela deliberatu du Baionako auzitegiak, ostegunean.

Kazeta|2017/04/13 23:19|0 iruzkin
Med_odile_de_coral_proces_tribunal_justice_baiona_isabellemiquelestorena03
Odile de Coralek hezkontzeko adostasunik ez zelakoan abisua igorri zuen auzitegira. © Isabelle Miquelestorena

Jatorri eta adin ezberdineko bi pertsonek egin galde baten berri eman zion Odile de Coral Urruñako auzapezak Baionako prokuradoreari haien ezkontza eragotzi zezan. Azkenean, auzitegiak batasunari bide ematea erabaki zuen atzo.

Martxoaren 9an izan zen auzia eta orduan prokuradore ordeak ez zuen argumenturik prestatu, eta auzitegiari utzi zion erabakitzearen ardura. Ministeritza Publikoak Odile de Coralen argumentuak ez zirela onargarriak ikusi zuelako da bikotearen abokataren, Alain Larrearen, ustez. "Prozedura horietan prokuradoreak denbora guti du erabakia hartzeko eta kasu honetan auzapezari kasu egin dio", azaldu du abokatuak.

Epailea, batetik, jendartean hedatzen den arrazakeria arrunt baten eta, bestetik, bi pertsonen arteko batasunaren ikuspegi "moral eta zaharkitu" baten aitzinean zela ohartu dela uste du Larreak. "Jakina da de Coral homosexualen arteko hezkontzarik ez onartu izana publikoki adierazi izan duela, baina afera honetan ikusi dugu hezkontzaz duen ideia XIX. mendekoa dela, zeinetan gizona emaztea baino zaharragoa den eta dirua etxera ekartzen duen", nabarmendu du abokatuak.

Pausun bizi den bikote horrek ia 20 urteko ezberdintasuna du. Lau urtez elkarrekin bizi ondoren, ofizializatzeko xedea adierazi zuten iaz eta Urruñako auzapezak ez zela bien onespenik erranez prokuradoreari sudurra sartzeko galdegin zion.