Kazeta

Herri desberdineko bikote baten ezkontza epailearen aitzinean

Urruñan ezkondu nahi duen bikote baten eskaera Baionako prokuradorearen esku utzi du Odile de Coral auzapezak. Azken horren aburuz, herri desberdineko bikotearen ezkontza "baimenik gabekoa" litzateke. Hori dela eta, prokuradoreak ikerketa abiatzea galdegin du. Baionako auzitegiak afera aztertuko du martxoaren 9an.

Odile De Coral, Urruñako auzapeza.
Odile De Coral, Urruñako auzapeza.

Nortasun agiri frantsesa duen emazte batek magrebtar batekin ezkondu nahi du. Emazteak hirurogeita bat urte ditu eta gizonak berrogeita hiru. Azken horrek hamar urtez Estatu espainiarrean egoteko baimena dauka. Europan gaindi ibiltzeko eskubidea du. Hots, Estatu frantsesean ere bai.

Bikotearen abokatua den Alain Larreak azaldu duenez, badira lau urte Behobian elkarrekin bizi direla. Urruñan ezkontzeko eskaera aurkeztu zuten iaz, baina Odile de Coral auzapezak afera Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorearen esku utzi zuen. Auzapezaren aburuz, ezkontza "onespenik gabekoa" litzateke.

Larrearen iritziz, gizonaren egoera administratiboa kontutan hartuz, de Coralen susmoa ez da bidezkoa. Salaketa aurkeztu ondoren, prokuradoreak ezkontza eskaera ezeztatu eta ikerketa abiatzea galdegin zuen. Bien etxebizitza miatzeko eskaera egin zuen. Emaztearen alabak, baita bere ahizpa eta lagunek ere beren lekukotasuna eskaini dute. Horiek bikotea badira lau urte elkarrekin bizi dela berretsi dute.

Prozedura juridikoaren arabera, salaketa aurkeztu eta, ondorengo hamabost egunetan ezkontza baieztatu, kontra jo edo ekimena gibelatu daiteke ikerketaren emaitzak jaso arte. Baionako auzitegiak kasua aztertuko du martxoaren 9an. Auzi Zibilen Auzitegiko lehendakariak hamar eguneko epea izango du bere erabakia jakinarazteko. Deliberoaren kontrako helegitea aurkeztu dezakete Dei Auzitegian.