Haranburu, Esnal eta Parot anaien askatasuna aldarrikatuko dute martxoaren 25ean

Hogeita zazpi urte preso beteko dituzten lau lapurtarren askatasuna aldarrikatuko du Bagoazek martxoaren 25ean Donibane Lohizunen. Ekimena baliatuko du ere Gobernu frantsesari bake prozesua eta bide batez euskal presoen alde jo dezan fermuki eskatzeko.

Kazeta|2017/02/15 10:30|0 iruzkin
Guz_bagoaz_2017_bobedme104
Baldintzapeko askatasunak "arrazoi politikoengatik" ukatu dituztela dio Bagoazek. ©Bob EDME

Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion Kepa eta Unai Parotek hogeita zazpi urte preso beteko dituzte apirilean. Haranburu, Esnal eta Ion Kepa Parotek bizi osorako zigorra dute. Estatu espainiarrean kartzelatua den Unai Parotek, ordea, berrogei urtekoa du. Behin baino gehiagotan baldintzapeko askatasunaren eskaerak egin dituzte baina beti ezeztatuak izan zaizkie. Beren askatasuna fermuki eskatzeko manifestazio bat antolatuko du Bagoazek martxoaren 25ean 17.00etan Donibane Lohizunen: "Ion, Unai, Xistor eta Jakes Askatu!".

Azken urte hauetan egindako baldintzapeko askatasunen eskaerak ukatu dituela nabarmendu du kolektiboak, salbu, Lorentxa Guimonen kasuan. Oroitarazi behar da Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarra martxoaren 1ean aske gelditu zela otsailean epaileek baldintzapeko askatasuna onartu eta.

Bagoazek baldintzapeko askatasunak "beti arrazoi politikoengatik" ezeztatu dituztela azpimarratu du taldeak. Eskaerak egin dituztenek baldintzak betetzen dituztela nabarmendu du. Hala nola, etxe eta lan bat edukitzea. Baina, erran bezala, argudio politikoengatik galderak ezeztatu dizkiete. Adibidez, ETArekiko lotura ez etetea eta erakundeak desarmea ez burutu izana.

Halaber, kolektiboak Ministerio publikoa "euskal presoak kartzelan atxikitzearen alde" agertu dela aipatu du Bagoazek. Epaileek eskaerak onartu arren, helegiteak aurkeztu dituela oroitarazi du. Hain zuzen, Guimonen kasuan, epaileak askatzearen alde jo ondoren, segidan helegitea aurkeztu zuen prokuradoreak. Erabakia dela eta, beste bi hilabetez preso egon behar izan zuen.

Azkenik, Bagoazek larrialdi egoeraren eraginez legeak gogortu direla dio. Oroitarazi behar da Ion Kepa Parotek oraingoz ez duela bere bosgarren eskaerari buruzko erantzuna jaso. Deliberoaren berri ukan baino lehen euskal presoa "diziplina anitzeko" komisio baten aitzinetik pasa behar da. Araudi berria terrorismoaren kontra jotzeko araudien indartzearen karietara plantan eman zuten.

Euskal presoen aldeko kolektiboak Estatu frantseseko Gobernuari jarrera aldaketa eskatu dio. François Hollandi bere mandatua bukatu baino lehen hainbat aldarrikapen egin dizkio: larriki gaixorik dauden euskal presoen askatasuna, baldintzapeko askatasunen onarpena eta euskal presoen hurbilketa.