Kazeta

Ion Kepa Parot: baldintzapeko askatasunari buruzko deliberoa gibelatu dute

Ion Kepa Parotek baldintzapeko askatasunaren eskaeraren erantzuna jakin baino lehen komisio baten aitzinetik pasa beharko du. Bagoazek hogeita sei urte daraman presoaren askatasuna aldarrikatzeko, elkarretaratzea antolatuko zuen barda Baionan.

Ion Kepa Parot eta Ibon Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatu dute abenduaren 14ean Baionan. ©Isabelle MIQUELESTORENA
Ion Kepa Parot eta Ibon Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatu dute abenduaren 14ean Baionan. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Ion Kepa Parotek ez du jaso baldintzapeko askatasunari buruzko erantzuna. Berez abenduaren 13an jakitekoa zen. Zigorren Aplikazio Ganbarak berriki onartu lege bat erabili du. Hau da, deliberoaren berri ukan baino lehen euskal presoa "diziplina anitzeko" komisio baten aitzinetik pasa beharko da.

Araudi berria urriaren 30ean plantan eman zuten, terrorismoaren kontra jotzeko araudien indartzearen karietara. Komisio berri hori terrorismoaren kontrako polizia edo jendarme batek, baita biktimen elkarte bateko ordezkari batek ere osatuko dute. 

Julien Brel Parotek abokatuak azaldu duenez, mementoz ez dakite komisio horrek noiz aztertuko duen eskaera. Haatik, euskal presoak komisio horrengandik iritzi ezkorra jaso zuen iragan otsailean. Parotek biktimekiko enpatiarik ez zuela eta iraganeko engaiamenduei lotua zegoela ondorioztatu zuen, besteak beste.

Oroitarazi behar da abenduaren 7an Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren eskaera aztertu zutenean, baldintza berri hura gehitu ziotela. Hau da, batzorde berri batek baldintzapeko askatasuna eskaintzea bidezkoa denez ikertu beharko duela. Presondegiko diziplina komisioen oniritzia ez da nahikoa izango.

Heldu den apirilaren 2an hogeita zazpi urte beteko dira preso dagoenetik. Bagoazek bere askatasuna fermuki eskatzeko elkarretaratze bat antolatu du atzo Baionan. Kolektiboak ekimena baliatu du ere Ibon Fernandez Iradi aske utz dezatela aldarrikatzeko. Gaur, esklerosiz anizkoitza pairatzen duen presoaren kondena eteten duten edo ez erabakiko dute.