Kazeta

Iñigo Urkullu Jean-René Etchegaray lehendakariarekin elkartuko da otsailaren 1ean

Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria Baionara etorriko da otsailaren 1ean, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariarekin elkartzeko. Bilkuraren xedea Euskal Elkargoaren eta EAEren arteko elkarlanaren sustapena da.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. (ARGAZKI PRESS)
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. (ARGAZKI PRESS)

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakari berriak eskaturik, Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) presidentea Baionara etorriko da otsailaren 1ean, El Correo egunkariak azaldu duenez. Bi presidenteen arteko bilkuraren helburua lurraldeen arteko lankidetza sustatzea da.

Baionako auzapeza Euskal Elkargoko lehendakaria izendatu zuten urtarrilaren 23an. Kargua hartu bezain fite lankidetza sustatzeko nahian Urkullurekin bilkura bat eskatu du. Herri Elkargo berriaren helburuak jakinarazi nahi dizkio, hedabideak aipatu duenez. Etchegarayren aburuz, Euskal Elkargoa eta EAEren arteko lankidetza ezinbestekoa da lurraldearen garapenerako.

EAEk Euskal Elkargoarekiko bere sostengua adierazi du jada. Hain zuzen ere, urtarrilaren 23an iragan zen lehen herriarteko kontseiluan hainbat ordezkari zeuden. Hala nola, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Imanol Lasa diputazioko bozeramailea.

Etchegarayk eskatuko balio, Uxue Barkos Nafarroako presidentea ere elkartzeko prest litzateke, egunkariak azaldu duenez.