Kazeta

Jean-René Etchegarayk Herriarteko lehen kontseilua presiditu du

Herriarteko lehen kontseilua iragan zen urtarrilaren 23an. Ezustekorik gabe, Jean-René Etxegaray hautatu zuten lehen presidente gisa. Batzarraren gaineratekoa ordea, ez zen eztabaidaz bipil izan. Ez da ahantzi behar haibat alderditako 231 hautetsi bilduak zirela gela berean.

Espero zen bezala, Baionako auzapeza den Jean-René Etchegaray, Euskal Herriko Hirigune Elkargoko lehen presidentea izendatu zuten atzo Baionako campusean. Honek 157 boz lortu zituelarik, aurkari zituen Bernard Lougarotek (Gotaineko auzapeza), eta Jean-Jacques Doyhenartek (Angeluko hautetsi komunista), 51, eta 5 boz eskuratu ahal izan zituzten. Bere burua aurkeztu ez zuen Claude Oliven aldeko boza (Angeluko auzapeza) sorpresa bat izan zen aldiz.

Lehengo Hego Lapurdiko presidentea zen Peyuco Duhartek hasiera eman zion atzoko lehen herri arteko kontseiluari. Han bertan bildutakoen 233 hautetsien izenak ezagutzera emanez (bi falta zirelarik), horiek denak prozesu horren aktore izatea ezinbestekoa zela azpimarratu zuen.

Ondoren, bozka eramateko batzarreko hautetsi zahar eta gazteena deitu zituen. Hala nola, Jean-Jacques Loustaudaunine eta Bruno Irigaray errenkadetatik mahai nagusira jaitsi ziren. Horiez gain, beste hiru kontseilari deitu zituen Peyuco Duhartek.

Erronka itzela

Presidente berriak, iraganeko hainbat urratsen segida gisa aurkeztu zuen atzoko ekitaldia. Izan ere, hiru mende pasa dira Frantses Iraultzaren ondotik diputatuak ziren Garat anaiek Euskal Herriarentzako departamendu bat aldarrikatu zutenetik. Jean-René Etchegarayren erranetan, bidea luzea izan da eta oztopoz betea, baina gaur, "errealitatea historiarekin batera doa".

Dena-den, iragana bazterrean utzi eta aitzina joateko garaia zela azpimarratu zuen presidenteak. Nahiz eta batzuk hastapenetik Euskal Elkargoaren kontra izan, batzarreko hautetsi guziak "zilegiak" zirela oroitarazi zuen bere garaile diskurtsoan. Bozka baino lehen, hautagai guziek hitz egiteko parada ukan zuten, eta eguneko gaien aipatzeko unean ere nornahik parte har zezakeen eztabaidan.

Bordelekoaren ondotik, Akitania Berriko elkargorik inportanteena zela gogora ekarri zuen batez ere Jean-René Etchegarayk, hautetsiek aurrean zuten erronka garrantzi handikoa zela aldarrikatuz : "Nahiz eta urrats handiak eginak izan, lan itzela daukagu oraindik aitzinean, eta beharrezkoena egitekoa da".

Kezkak eta eztabaidak

Hautagaia zen Bernard Lougarok bere kezkak azaldu zituen behin eta berriz. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Hirigune Elkargoan herri ttipiak ez direla aski ordezkatuak dio berak. Horrez gain, presidenteak kontseilu eragileko hamar kide aukeratzeko duen ahalmenarekin ez dator bat. Jakin behar da, orotara hamabost kide izanen direla kontseilu horretan. Bere aldetik aldiz, Euskal Elkargoak sortuko duen lurraldeen arteko lehia salatu zuen Jean-Jacques Doyhenartek.

Euskararen gaiak ere bere tokia izan zuen atzo. Izan ere, Iker Eilzaldek Hendaiako hautetsiak Euskal Elkargoan euskaraz mintzatzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Hori dela-eta, kaskoak eta itzultzaileak ukaiteko proposamena luzatu zuen euskara ulertuko ez zuketenentzat. Alabaina, halakorik ez zuen entzun nahi izan Francis Gonzalezek Bokaleko hautetsiak. "Hemen, frantses estatuko legea aplikatzen da, eta ez naiz euskara jakitea behartua".

Ados ez ziren bi hautetsi horiei erantzun epela eman zien ordea Jean-René Etchegarayk. Bilkuretan nahi duenak euskaraz mintzatzeko eskubidea duela baieztatu zuen, baina aktak frantsesez baizik ez zirela izanen erran zuen. Ondoren, eguneko hamaika gaiak elkarren segidan trenkatu zituzten, nahi eta bozka elektronikoarekin arazotxoak gertatu.