Iurre BIDEGAIN

Arberatzeko MFA enpresako langileek greba bertan behera utzi dute

Bederatzi egunez greban egon ondoren, Arberatzeko MFA enpresako langileek akordio bat lortu dute zuzendaritzarekin. Heldu den urriaren 24ean lanera itzuliko dira.

Arberatzeko MFAko langileak greban zeuden urriaren 13az geroztik. ©LAB sindikatua
Arberatzeko MFAko langileak greban zeuden urriaren 13az geroztik. ©LAB sindikatua

Arberatzeko MFA enpresako langileak greban zeuden urriaren 13az geroztik. Lan baldintza duinak eskatzeko xedez astean zehar mobilizatu dira. Hain zuzen, egunero elkartu dira Donapaleuko herriko etxearen aitzinean. Azkenean, akordioa lortu dute zuzendaritzarekin urriaren 21ean. Gilles Landabour langile eta LABeko sindikalistak urriaren 24ean lanera itzuliko direla azaldu du.

Langileak hainbat lorpen nabarmendu ditu. Alde batetik, orain arte lanpostuak "gaitasun anitzekoak" bezala kontsideratzen zituen enpresak. Akordioari esker, lanpostu bakoitza definitu eta bakoitzari dagokion formakuntza lortu dute.

Bestalde, MFAko langileek hamahirugarren hilabete saria aldarrikatzen zuten. Zuzendaritzak eskaera ezeztatu duela aipatu du langileak, baina proposamen bat egin die. Hau da, "jarraikitasun saria" proposatu die. Horrek langile baten presentzia eraginkorra sariztatzen du. Hiru egun baino gutiago huts eginez gero langileak 70 euro gehiago jasoko lituzke bere soldatan.

Landabouruk esplikatu duenez, "jarraipen batzorde" bat sortzea erabaki dute. "Zuzendaritzarekin adostutakoa betetzen dutela zainduko du", erantsi du. Langileak lortutakoarekin "oso pozik" direla aitortu du. Gainera, greba mugimenduari esker langileen arteko dinamika bat sortu dela uste du. "Orain arte ez zegoen izpiritu hori. Jende asko greba mobilizazioan ezagutu da", gehitu du.