Kazeta

Arberatzeko MFA enpresako langileek greba mugagabean segitzen dute

Urriaren 13az geroztik Arberatzeko MFA 
enpresako langileak greban daude. Baldintza sozial duinak aldarrikatzeko ehun bat pertsonek manifestazio batean parte hartu zuten urriaren 18an Donapaleun. Egunero mobilizatuko dira beren aldarrikapenak ozen entzunarazteko.

Grebalariak egunero mobilizatuko dira 11.00etan Donapaleuko herriko etxearen aitzinean.
Grebalariak egunero mobilizatuko dira 11.00etan Donapaleuko herriko etxearen aitzinean.

Urriaren 13az geroztik Arberatzeko MFA enpresako langileak greba mugagabean LAB sindikatuaren sostenguarekin. Lan baldintza duinak eskatzen dituzte. Urriaren 18an Donapaleun antolatu manifestazioan ehun bat langilek beren eskakizunak ozen entzunarazi zituzten.

"Langileon eskubideak errespetatu! Ez dugu etsiko!" bezalako mezuak irakurri ziren Donapaleuko protestaldian. Tren bideko materialaz arduratzen den enpresako 120 langileetatik 80 bat greban daude gaur egun. Grebalariek enpresak bere engaiamenduak betetzea aldarrikatzen dute.

Urriaren 18an antolatu biltzar nagusian egunero, 11.00etan, Donapaleuko herriko etxearen aitzinean elkarretaratze bat antolatzea erabaki dute. "Lan baldintzak ezagutu ditzan lantegira hurbiltzeko gonbida luzatzen diogu Lan ikuskariari", azaldu du Gilles Landabourek greban dagoen langile eta LABeko sindikalistak. Gisa berean, hautetsiek ere parte hartu dezaketela nabarmendu du, batez ere bitartekaritza lana burutzeko.

Sostengu gaualdia

Alde batetik, langileek lanbide formakuntzaren arloan Lan Kodearen errespetu eza salatzen dute, sindikatuak esplikatu duenez. Bestalde, Urteroko Derrigorrezko Negoziazioen karietara langileek egin eskaerak ezeztatu dituztela salatu dute.

"Aurrekontu bat aurkeztu digute eta erran digute ez zutela hori aldatzeko asmorik", azaldu du langileak. Negoziazioen ondotik, erdiarentzat soldatak igotzea erabaki zuten, baina LABeko sindikalistentzat erabaki hori "onartezina" da.

MFA enpresa 2009an sortu zuten. Langileek aipatu dutenez, bigarren urtean egoera okertzen hasi zen. 2013an enpresak aktibitatearen etekinen zenbakiak azalduko zituela erran zuen, baina orain arte langileek ez dute horien berririk. "Interesatzen zaien gauza bakarra zenbakiak dira", gehitu du.

Eguneroko mobilizazioez gain, heldu den urriaren 21ean sostengu gaualdia bat antolatuko dute Donapaleuko Aldaka gaztetxean.