Kazeta

Onik atzeman dute desagertua zegoen Beñat Indaburu

Uztailaren 12az geroztik hogeita bederatzi urteko gizona desagertua zegoen. Azkenean, laborari batek uztailaren 15ean atzeman zuen Ezterenzubin. Auto istripua izan ondoren, helikopteroarekin ospitalera eraman zuten; bere bizitza ez dago arriskuan.

Beñat Indaburu bere etxetik atera zen uztailaren 12an.
Beñat Indaburu bere etxetik atera zen uztailaren 12an.

Arrosan bizi den Beñat Indaburu lau egunez desagertua zegoen. Uztailaren 12az geroztik, sokorri zerbitzuek, familiak eta senideek Donibane Garazi eta Aldude bitartean bilatu zuten. Indaburuk Aldudeko gasnategian lan egiten du, baina egun horretan ez zen lanera joan. Azkenean, laborari batek bere autoa atzeman zuen Ezterenzubiko arroila batean uztailaren 15ean.

Azantzak entzun ondoren, laboraria arroilara hurbildu eta istripua pairatu zuen auto bat atzeman zuen. Jendarme bat bertara joan eta Indabururen autoa zela ziurtatu zuen. Sokorri zerbitzuek gaztea zauritua atzeman zuten.

Helikopteroarekin ospitalera eraman zuten; bere bizia ez dago arriskuan. Abiatu duten ikerketak istripuaren zergatiak agerian utziko ditu.

Sare sozialen bidez, familiaz gain Arrosako herriak ere eskerrak eman dizkie bilaketan eta albistearen hedapenean lagundu dutenei.