Kazeta

Txetx Etcheverry jo nahi zuela diote lekukoek

Ostegun goiz honetan suprefeturan izandako atxiloketetan polizia batek Txetx Etcheverry deliberoki jo duela salatu dute lan erreformaren kontrako militanteek.

Sendagile batek Txetx Etcheverryk jasan kolpeak ziurtatu ditu.
Sendagile batek Txetx Etcheverryk jasan kolpeak ziurtatu ditu.

Txetx Etcheverry Biziko kideak poliziaren esku zen bitartean tratu txarrak izan dituela salatu du. Ostegun goiz honetan gertatu da bere eta beste lau lagunen atxiloketa, lan erreformaren kontrako mobilizazioa zela eta, Baionako suprefeturaren kanpoko eremuan sartu direnean. Prentsarengandik urrun baina beste lau kideen begipean iragan dira gertakariak.

Lurrean, eskuburdinak jarririk triparen gainean zegoela, polizia batek makilarekin bizkarrean eta hanketan jo duela kontatu du Txetx Etcheverryk. Zapatekin maseleko bat eman diola ere segurtatu du biktimak. Memento batez lepoan min handia egiten ziola ohartarazi dio erasotzaileari. Dioenez, "Txetx, zutaz aspertuak gara", "Txetx, kakinarazten gaituzu" oihukatu dio azken horrek. 

Komisaldegian zegoela, sendagile batek kolpe arrastoak eta uspelak izan dituela segurtatu du. Berantago erabakiko du kexa jarriko duen edo ez.

Lan erreformaren kontra protestatzeko suprefeturaren ondoan den suprefetaren etxeko baratzean sartu izanagatik, berriz, dosierra Baionako prokuradoreari igorri diote poliziek. Bortxazko sartzeaz akusatu dituzte bost militateak.

Pierre-André Durand Pirinio-Atlantikoetako prefetak fermuki gaitzetsi du, prentsa-ohar batean, bost manifestatzaileen ekintza. "Jabetza pribatuko eremu batean bortsaz sartze eta Estatuaren ordezkari baten kontrako eraso horrek delitu bat osatzen duela", ohartarazi du. Errepublikako prokuradorearen esku utzi du dosierra. "Eskubide Estatuaren kontra doan ekimenik" ez duela onartuko erranez bukatu du prentsa-oharra.